Politika -
Pradalesen aurkako erasoa
Behin-behinean aske utzi dute Pradalesi piperbeltz gasa jaurtitzea egotzita atxilotutako gizona
Barakaldoko Guardiako Epaitegiak hauteskunde delitu bat eta bi lesio delitu leporatu dizkio 49 urteko gizonari, eta hilabetero epaitegian agertu beharko du.
Agentziak | EiTB Media
Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak behin-behinean aske utzi du Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiairi piperbeltz gasa jaurtitzea leporatuta atzo Barakaldon atxilotutako 49 urteko gizona. Hala ere, hilabetero, hileko lehen egunean, eta deitzen duten aldiro epaitegira agertu beharko du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, atxilotuak ertzain-etxean igaro du gaua eta izapideak amaitutakoan, Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute.
Epaileak aurretiazko eginbideak hasi ditu eta hauteskunde delitua eta bi lesio delitu leporatu dizkio, Pradalesekin zegoen beste pertsona batek ere kalteak jasan baitzituen. Hauteskunde delituagatik sei hilabete eta hiru urte arteko kartzela zigorra edo 12 hilabetetik 24 hilabetera arteko isuna ezarri diezaiokete.
Erasoa 19:30ak aldera gertatu zen, Barakaldon. Mitina amaitu berritan eta EiTBko hauteskunde eztabaidara zihoala, 49 urteko gizon bat Pradalesengana gerturatu zen eta piperbeltz gasa jaurti zion. Lehen informazioen arabera, erasoak ez zuen motibazio politikorik izan.
Hautagai jeltzalea Gurutzetako Ospitalean artatu zuten, eta, sendagiria jasota, EiTBren hauteskunde debatean parte hartu ahal izan zuen. Medikuen txostenaren arabera, ezkerreko begiko ikusmena kaltetuta du Pradalesek, eta aurpegiaren eskuineko aldea hozminduta.
EiTBran iritsi berritan, Pradalesek adierazi zuen erasoa "sustoa" izan zela, baina ez duela "euskal gizartea ordezkatzen", Euskadin jendeak "errespetu handia" duelako. Halaber, jasotako babesagatik "txundituta" azaldu zen.
Hauteskunde eztabaidan parte hartu zuten gainerako lehendakarigaiek gertaturikoa gaitzetsi zuten.
Debatea amaitutakoan, Pradales ertzain-etxe batera joan zen gertaturikoagatik salaketa jartzeko, COPE irrati katean egin dioten elkarrizketan jakinarazi duenez.
Pradalesen esanetan, "dirudienez, erasotzaileak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik, lapurretagatik eta delitu txikiengatik".