Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Pradales lehendakari, kirolean euskara sustatzeko plana eta Finantza Kontseilua Bruselan
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko ekainaren 21ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Pradales lehendakari: Imanol Pradales jeltzalea aukeratu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari, lehen bozketan gehiengo osoa eskuratuta: EAJren 27 legebiltzarkideen eta PSE-EEren 12en aldeko botoei esker hartu du Iñigo Urkulluren lekukoa. Lehendakari izendatu berritan, "hunkituta" agertu da. Orain, "larunbateko ekitaldira begira" dagoela aitortu du, izan ere, orduan egingo baitu karguaren zina Gernikako Juntetxean.
- Kirolean euskara sustatzeko plana: Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB) elkarteak EKFB osatzen duten 48 euskal kirol elkarteen artean euskara sustatzeko eta bultzatzeko plan estrategikoan jasotako aurrerapenak eta ekintza estrategikoak aurkeztuko ditu. Ekitaldi berean, "Gu Geu, Kirola Euskaraz" kanpaina aurkeztuko dute. Kanpaina hori ekainaren 21etik abuztuaren 31ra egingo da, sare sozialetan eta www.gugeu.eus webgunean. Kanpainaren helburua da euskararen erabilera sustatzea kirol federatua egiten duten pertsona guztien artean.
- Finantza Kontseilua Bruselan: Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroek bilera egingo dute gaur Bruselan. Besteak beste, gai hauek izango dituzte hizpide: BEZ zerga era digitalean, Berreskuratzeko Mekanismoaren aplikazioa eta Ukrainaren inbasioaren inpaktu ekonomikoa.