Politika -
Auzitegi Nazionalean
Bilbon atxilotutako lau gazteetako bat ospitaleratu egin zuten
Guardia zibilei aurre egiten saiatu zenean zauritu zela diote agenteek. Gaur deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean, telefonia-errepikagailu bati eraso egiteko ahalegina leporatuta.
Erredakzioa
Gaur eramango dituzte Auzitegi Nazionalera Basaurin telefonia-errepikagailu bati eraso egiteko ahalegina leporatuta atxilotutako lau pertsonak. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, atxilotuetako bat Basurtuko erietxera eraman behar izan zuten.
Atxilotu zutenetik ordu gutxira, Guardia Zibilak Basurtuko erietxera eraman zuen Eneko Eguren, hainbat egunkarik zabaldu dutenez. Guardia Zibilek adierazi dutenez, atxiloketa unean haiei aurre egiten saiatu zen eta orduan zauritu zen. Basurtun artatu eta gero, La Salveko kuartelera eraman zuten berriro.
Beste hiru atxilotuak Liher Bilbao, Iker Hernandez eta Ibon Santamaria dira.
Iturri judizialek jakinarazi dutenez, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak hartuko die deklarazioa, gaur arratsaldeko ordu bietatik aurrera. Telefonia errepikagailu bati eraso egiteko ahalegina leporatu die Guardia Zibilak.
Hasiera batean aipatu zen Basauriko San Migel mendian dagoen errepikagailuari su eman nahi ziotela, baina polizia-iturriek argitu zuten atzo Lantxin izeneko finkan atxilotu zituztela, Bilbon, Seberetxe bidean. Iturri horien arabera, A-68 autobidearen inguruan dagoen telefonia errepikagailu bati su eman nahi zioten.