Politika -

Irunen atxilotu zuten

Espetxera bidali dute Jon Iñaki Perez Aranburu

Epaitegiko iturriek adierazi dutenaren arabera, Espainiarekin auzirik zintzilik ez duen arren, Frantziak eman du atxilotzeko agindua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali du Jon Iñaki Perez Aranburu. Atzo atxilotu zuten Irunen eta Espainiarekin auzirik ez duen arren, Frantziak atxilotzeko agindua emana zuen.

Goizean bideratu dute atxilotzeko euroagindua, eta Frantziak bertara eramateko eskatu duela esan dio epaileak. Aranburuk ez du onartu, horregatik, ez dute berehalakoan eramango eta prozesuak Auzitegi Nazionaleko zigor arloko salan jarraituko du.

Bitartean, espetxean sartzea ebatzi du epaileak eta Soto del Real espetxera eraman dute.

Frantziak estradizio-eskaera egin zuen 2000an, epaiketa batean hiru urteko espetxe-zigorra ezarri ziotelako. Epaiketa horretan Jose Ignacio Arizcuren 'Kantauri' ere epaitu zuten.

Perez Aranburu ostiralean atxilotu zuten Irunen (Gipuzkoa), Frantziak egindako atxiloketa eta estradizio eskaerari so eginez. Izan ere, auzi-iheslaritzat jo zuten Aranburu Frantziako epaileek. Terrorismoa egiteko asmoz, gaizkile taldeko parte izatea leporatuta epaitu zuten Perez Aranburu. Halaber, 10 urtez Frantzian egoteko debekua ezarri zioten, Barne Ministerioak jakitera eman duenez.

1995eko martxoaren 27an molotov koktelekin Errenterian Ertzaintzako ibilgailu baten aurka izandako erasoan parte hartu zuen Perez Aranburuk. Gidariak autoaren kontrola galdu zuen eta bi lagun harrapatu zituen. Ibilgailuaren bost bidaiari zauritu ziren, horietako bat, oso larri. Ondoren, etxetik ihes egin zuen eta ETAn sartu zen. Perez Aranburu 1964ko irailaren 18an jaio zen Donostian, eta Jarraiko jarraitzaile nabarmena izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea