Politika -
Elkarrizketa ETB-2n
'Esleipenik eta kontrataziorik' ez egitea eskatu dio Urkulluk Lopezi
Hain zuzen ere, "etorkizunean atzeraezina izan litekeen erabakirik" ez hartzea eskatu dio jarduneko Jaurlaritzari.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidente eta hurrengo lehendakariak "atzeraezina izan litekeen erabakirik ez hartzea" eskatu dio gaur Patxi Lopez lehendakariaren jarduneko Gobernuari. Izan ere, Gobernu berriak kargua hartu arte, sozialistek "esleipenak eta kontratazioak" egin nahi dituztela jakin dutela gaineratu du.
"Egun on Euskadi" ETB-2ko saioan egindako elkarrizketan, hurrengo asteetako kudeaketa "adostua" izatea eskatuko dutela azaldu du Urkulluk.
Hautagai jeltzalearen asmoa Gobernua "lehenbailehen" osatzea da. "Horrenbestez, egungo Eusko Jaurlaritzak jakin behar du jardunekoa dela", nabarmendu du.
Bestalde, Urkulluk baieztatu egin du EAJk Bakartxo Tejeria proposatuko duela Eusko Legebiltzarreko presidenterako.
"Rajoyren zain"
Urkulluk berak azaldu duenez, Mariano Rajoyren Gobernuarekin harremanetan jarri da, "euskal gizartearen garapenarentzat funtsezkoak diren kontuak" hizpide hartzeko helburuz, baina oraingoz ez du erantzunik jaso.
Buruzagi jeltzaleak urriaren 21ean hitz egin zuen azkenekoz Rajoyrekin. Egun horretan, gobernuburuak deitu egin zion, zoriontzeko, hauteskundeetako garaipena dela eta.