Teknologia -
APP berria
Egunean Behin: galdera-erantzunen euskarazko joko berria, sakelako telefonorako
Egunean partida bakarra jokatzeko aukera ematen du. Erabiltzaileak 10 galdera erantzun behar ditu, ahal den azkarren. Geroz eta galdera zuzen gehiago erantzun, sari hobeak eskuratuko ditu.
EiTB.EUS
CodeSyntax enpresak galdera-erantzunen joko berri bat garatu du, euskaraz. Lehiaketa zaleei zuzendutako aplikazioa da, hain zuzen, aipatutakoa. Egunean Behin izena hartu duen app-a Android eta iOS sistema-eragileetan dago erabilgarri.
Jokatzeko modua oso erraza da. Izenak dioen bezala, egunean partida bakarra jokatzeko aukera ematen du. Horretarako, erabiltzaileak 10 galdera erantzun beharko ditu, ahal den azkarren. Geroz eta galdera zuzen gehiago erantzun eta geroz eta arinago egin, emaitza hobea lortuko du.
Jokoak sailkapen orokor bat izango du, eta jokalari bakoitzak puntu kopuru jakin bat lortuko du, partidan erantzundako galdera zuzenen arabera. Sailkapena astero berrituko dute, hau da, jokalariak astelehenetik igandera egindako puntuak hartuko ditu kontuan. Gainera, partida bakoitza lagunekin partekatzeko aukera izango du erabiltzaileak.
Sariak
Helburu nagusia jokalariak entretenitzea bada ere, sariak banatzeko konpromisoa ere hartu du bere gain Egunean Behin jokoak. Guztira, 50.000 galdera prestatu dituzte orain arte, baina "askoz gehiago" sortuko dituztela iragarri dute.
CodeSyntaxek xede du, beraz, erabiltzaileek sarean ere euskaraz aritzeko aukera izatea.