Teknologia -

APLIKAZIOAK

EHUko hiru ikaslek lokalen edukiera kontrolatzeko aplikazio bat diseinatu dute

Aplikazioak merkataritzako edo aisialdiko lokaletako edukiera kontrolatzea ahalbidetzen du, eta, horrela, COVID-19aren osasun-krisiak ezarritako segurtasun-neurriak betetzea errazten du.

Laura Davila YetPlan aplikazioarekin. Irudia: Bilboko Ingerieritza Eskola
Laura Davila YetPlan aplikazioarekin
Laura Davila YetPlan aplikazioarekin. Irudia: Bilboko Ingerieritza Eskola

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Ingeniaritza Eskolako bi tituludunek eta Industria Ingeniaritzako hirugarren mailako ikasle batek merkataritza edo aisialdiko lokaletako edukiera kontrolatzeko aplikazio bat sortu dute. Horrela, COVID-19aren osasun-krisiak ezarritako segurtasun-neurriak betetzea erraztu daiteke.

EHUko Ingeniaritza Eskolak jakinarazi duenez, YetPlan aplikazioak, menu sinple baten bidez, aukera ematen die erabiltzaileei taberna baten okupazio-maila ezagutzeko eta terrazan mahai batez gozatzeko erreserba egiteko, esaterako. Aldi berean, negozioaren gerenteari espazioa kudeatzeko doako tresna bat ematen dio.

"Konfinamendu honetan eskolan genuen prestakuntzak laguntzen zigun zerbait egiteko aukera ematen zigula ikusi genuen. Konfinamenduaren ostean ezarriko ziren edukiera-mugak lokalentzat kudeatzeko oso zailak izango zirela pentsatu genuen, baina, gainera, eragozpen ere izango zirela guretzat, erabiltzaileentzat. Beste herri bateko establezimendu batera joateko planak egiten badituzu, hobe da aldez aurretik jakitea arreta eskaini ahalko dizuten, eta ez hara iristea, buelta eman behar izateko, dutena baino jende gehiago hartu ezin dutelako", azaldu du Laura Davilak, Lucas de Lecea eta Javier Viañarekin batera aplikazioa sortu duen ikasleak.

Hiru ekintzaile horiek Kroaziako beste ingeniari gazte batzuekin jarri ziren harremanetan, beren ideiaren garapena bizkortzeko eta lehenbailehen ostalarien edo merkatarien, elkarte profesionalen edota administrazio publikoen eskura jartzeko. Besteak beste, hondartzetako, igerilekuetako, museoetako, aire zabaleko ekitaldietako bisitarien kopurua kontrolatzeko ere erabil daiteke aplikazioa.

"Getxoko Udalak dagoeneko interesa agertu du YetPlan udal-kudeaketako espazio publikoetan erabiltzeko, eta harremanak izaten ari gara beste udalerri batzuek ere jakin dezaten nola funtzionatzen duen eta lagundu ahal dien", adierazi du Davilak.

Erabilera erraza eta doakoa

Aplikazioa doakoa da, eta oso funtzionamendu erraza du. Batetik, lokala erregistratu nahi duten establezimenduek jendearentzako ordutegia, zenbat mahai dituen eta horietako bakoitzean zenbat bezero eser daitezkeen adierazi beharko dute soilik, edukiera kontrolatzeko araudiaren arabera.

Bestetik, publikoak erreserba bat egin ahalko du interesatzen zaion espazioa (barrualdea, jangela edo terraza), joan nahi duen ordua eta zenbat pertsona joango diren aukeratuta. Sistemak datuak erregistratuko ditu automatikoki, eta establezimendura iristean erakutsiko duen egiaztagiria emango dio. Erreserba ezeztatzeko aukera ere ematen du, ideiaz aldatuz gero edo ezustekoren bat sortuz gero egin ahal izateko.

YetPlan aplikazioak bilatzaile bat du, eta, erregistratutako lokalak berehala kokatzeaz gain, jardueren eta udalerrien araberako bilaketa egiteko aukera ere ematen du, plan ugari antolatzeko, betiere aldez aurretik jakinda horiek egiteko benetako aukerarik dagoen ala ez, lokalaren, espazioaren edo instalazioaren okupazioaren eta edukieraren arabera, eta erreserba egiteko aukera ematen du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia EHU albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Aplikazioak Koronabirusa