EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Irailak 25
Ezegonkortasunaren aurrean,Euskadi babestu behar dela esan du Urkulluk
Lehendakariaren esanetan, Euskadi ezin da Estatu espainiarreko konfrontazio eta tentsio egoeran erori.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako ezegonkortasun politikoaren aurrean, Euskadi babesteko eta blindatzeko beharra dagoela azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren esanetan, Espainiako "kaosak" Euskadin eragina izango du "datozen hilabeteetan".
Irailaren 25eko hauteskundeei begira Donostian egindako ekitaldian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EAJren lehendakarigaiak ohartarazi du "Gobernurik, Aurrekonturik eta neurri ekonomiko eta sozialik gabe ondorio negatiboak bizkortu" egingo direla Espainiarentzat, eta Euskadi ezin dela Estatu espainiarreko "tentsio eta konfrontazio" egoeran jausi.
Urkulluren hitzetan, Espainiako alderdi politikoek ez diote Euskadiri lagunduko etorkizunera begiratzen eta egonkortasun, akordio eta hazkundearen bidetik aurrerapausoak ematen.
Euskadin hazkundea eta enplegua egonkortzen ari direla azpimarratu ostean, Euskal Autonomia Erkidegoan duela 4 urte baino 30.000 langabe gutxiago daudela eta erronka enplegu gehiago eta hobea sortzen jarraitzea dela gaineratu du.
Lehendakariak adierazi duenez, elkarrizketaren, egonkortasunaren, lankidetzaren eta kolaborazioaren aldeko apustua berrestea, proiektu publiko-pribatua eta "hazkunde eta garapen" helburuetan aurrera egitea dago jokoan irailaren 25eko hauteskundeetan.