EAE-ko Hauteskundeak 2020
Hauteskunde-kanpaina
Gasteizen duen egoitzan beste eraso "faxista" bat izan dela salatu du Alternatibak
Agentziak | Erredakzioa
Beirateetako biniloak apurtuta agertu dira. Hauteskunde-kanpaina hasi zenetik, EH Bilduren barnean dagoen Alternatibaren Gasteizko egoitzan egindako bigarren erasoa da.
-
Alternatibak, Twitterren bidez, argazki hau zabaldu du (Irudia: @alternatiba)
Alternatibak Gasteizen duen egoitza beirateetako biniloak apurtuta agertu da astelehen goizean. Alderdiak berak salatu duenez, uztailaren 12ko hauteskundeetarako kanpaina hasi zenetik, EH Bilduren barnean dagoen Alternatibaren Gasteizko egoitzan egindako bigarren eraso "faxista" da.
Alternatibako Koordinakunde Nazionalak erasoa gaitzetsi du, eta, ohar baten bidez, gogora ekarri du egoitza horretan bertan beste eraso "faxista" bat ere izan zela, 2017ko abenduan.
¿ Gure Gasteizko egoitzari bigarren aldiz eraso egin diote kanpaina hasieratik, EHBilduren biniloak txikituta¿https://t.co/6UmR7pZ7Tl pic.twitter.com/8LvKYXUrEG
— Alternatiba (@alternatiba) July 6, 2020
Orduan, gogorarazi dute, ezezagun batzuk kristalak apurtzen saiatu ziren, eta frankismoaren aldeko pintaketak egin zituzten; ultraeskuineko zenbait taldek iragarrita zuten, sare sozialen bidez, egoitzari erasotzeko asmoa zutela. Erasoa jasandakoan, Alternatibak salaketa jarri zuen Ertzaintzaren aurrean, baina "ez zen polizia-akziorik edo akzio judizialik izan", alderdiak gaitzetsi duenez.
Alternatibak, halaber, deitoratu egin du "alderdi gehienek" ez dutela erantzunik eman erasoaren aurrean, "nahiz eta horietako askok ohitura duten, antzeko gertaeren aurrean, edo garrantzi txikiagoko gertaeren aurrean, gaitzespena eskatzeko, euren egoitzetan gertatzen denean".
Eraso honek kalte handiak eragin ditu lokaleko erakusleihoan zeuden EH Bilduko hauteskunde-karteletan. Egoitza Gasteizko Herrandarren kalean dago, 25. zenbakian. Duela egun batzuk, beste eraso baten ondorioz, binilo horiek kalte arinagoak izan zituzten.
"Ezkerreko alternatiba subiranista eraikiz, faxismoari aurre egiten jarraitzea" eskatu du 2011tik "EH Bilduren inguruan antolatuta" dagoen Alternatibak.