EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
U12
Urkulluk bozkatzera joateko deia egin die herritarrei, "segurtasuna" dagoelako
EAJren lehendakarigaiak Durangon (Bizkaia) eman du botoa, 09:35 aldera. Hain zuzen ere, bera izan da botoa emateko eskubidea gauzatu duen lehen hautagaia.
EITB.EUS
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak igande honetan, uztailak 12, egiten ari diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan bozkatzera joateko deia egin die herritarrei, botoa eman ahal izateko "segurtasuna bermatuta" dagoela iritzita. Horrez gain, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz bizi den "une kritiko" honetan Euskadi "zutik" jarri behar dela nabarmendu du.
Hain zuzen ere, 09:35 aldera eman du botoa Urkulluk, Durangoko (Bizkaia) Zabalarra ikastetxe publikoan. Euritakoarekin eta alboan ikurrina bat zuen maskara jantzita joan da bozkatzera. Zehazki, Lucia Arieta-Araunabeña emaztearekin batera gauzatu du botoa emateko eskubidea.
Botoa hautetsontzian sartu ostean, gaur egun bizi dugun egoera dela eta ezarritako prebentzio-neurriek botoa eman ahal izateko "segurtasuna bermatuta" dagoela erakusten dutela nabarmendu du EAJk Araban duen zerrendaburuak.
"Nire lehen mezua hautesleek erabakitzen dutena errespetatzea da, Euskadiren etorkizunari begira hartzen duten erabakiak lurraldea zutik jartzea ahalbidetuko duela uste dudalako", ziurtatu du.
Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) krisi honetatik ateratzen jakingo duela esan du Urkulluk, "beti jakin izan duen bezala". Hori dela eta, hautesleei bozkatzera joateko deia egin die, nahiz eta goizeko lehen orduetan euria eta ekaitza izan.
"Lau urtetik behin pasatzen den tren bat da", gaineratu du, eta gaur egun bizi dugun "une kritiko honetan" bozkatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela ohartarazi du, COVID-19k eragindako krisiari aipamen eginez.
Horren harira, hautagaiak ez du aipamenik egin nahi izan Vox Eusko Legebiltzarrean sartzeko aukerari buruz, ezta beste iritzi politikorik eman nahi izan ere, eta ziur agertu da Euskadik krisi hau gainditzen jakingo duela azpimarratu du, "beti jakin izan duen bezala".
Ezohiko hauteskundeak dira gaurkoak, COVID-19aren azken agerraldiek, Ordiziakoak, bereziki, bete-betean astindu dituztelako kanpaina eta hauteskunde eguna bera.
Horrez gain, hauteskunde egun honetan gertatzen den guztiaren azken ordua minutuz minutu jarrai daiteke hemen. Gainera, eitb.eus atariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak zuzenean kontsultatzeko aukera eskainiko du. Informazio guztia eguneratu egingo da, U12ko hauteskundeetako botoak zenbatu ahala.