EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

U12

COVID-19ak baldintzatutako ezohiko hauteskundeak hartuko ditu gaur EAEk

Azken egunotako agerraldiek, Ordiziakoak bereziki, alarma guztiak piztu dituzte, lehenaz gain, eta hauteskundeak egiteko abagune egokia ote denaren eztabaida mahai gainera ekarri dute berriro.

Bi emakume, hauteskunde iragarkiei begira. Argazkia: EFE.
Bi emakume, hauteskunde iragarkiei begira. Argazkia: EFE.
Bi emakume, hauteskunde iragarkiei begira. Argazkia: EFE.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezohiko hauteskundeak izango dira gaurkoak, COVID-19aren azken agerraldiek, Ordiziakoak, bereziki, bete-betean astindu dituztelako kanpaina eta hauteskunde eguna bera.

Martxoan hasi zen koronabirusa gurean bere indarra erakusten, eta, apirilaren 5erako deituta zeuden hauteskundeak bertan behera uztea izan zen alderdi politikoek hartu zuten erabakietako bat. Maiatzean, alarma-egoera indarrean zegoela, bozak uztailaren 12rako deituko zituela iragarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariak; EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren kritiken artean.

Orain, agerraldiak agerraldi, Eusko Jaurlaritzak berretsi du hauteskundeetan herritar guztien segurtasuna bermatuta egongo dela, baina argi utzi du PCR probetan positibo eman dutenek ezingo dutela botoa ematera joan. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo ohartazi zuenez, osasun publikoaren kontrako delitutzat hartuko da COVID-19 duen pertsona bat botoa ematera joatea.

Era berean, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen helegite banari erantzunez, EAEko hauteskunden batzordeak eta zentralak berretsi dute koronabirusa duten herritarrek ezin dutela botoa eman. 

Bestalde, koronabirusa atzemateko testetan negatibo eman arren, gaitza dutenekin zuzeneko harremana dutenek ezingo dute mahaikide izan, baina botoa emateko aukera izango dute, neurri bereziekin. SMS bidez jakinarazi zaie pertsona horiei guztiei zeintzuk diren jarraibideak.

1.790.243 herritar, botoa ematera deituta

EAEko 1.790.243 herritar daude botoa ematera deituta, Eusko Legebiltzarraren XII. legealdia osatuko duten 75 legebiltzarkideak aukeratzeko.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian bozetarako deialdia argitaratzearekin batera jarri zen martxan hauteskunde prozesua, eta Gasteizko Ganbera osatuta amaituko da. Prozesua berme guztiekin egingo dela zaintzeko ardura hauteskunde batzordeak osatzen dituzten 115 pertsonek dute.

2016ko datuekin alderatuta, % 0,55 egin du gora hautesle kopuruak, 1.783.420 baitziren duela lau urteko deialdian. Lurraldeka, 948.350 dira Bizkaian botoa emateko eskubidea dutenak, 583.594 Gipuzkoan eta 258.299 Araban. Atzerrian bizi diren eta boza emateko aukera dutenak, berriz, 75.832 dira.

61 hautesleku prestatu dituzte igande honetarako, 2016an baino 42 gehiago

Ohi bezala, 09:00etan ireki dira hautetsontziak, eta 20:00ak arte egongo dira zabalik. Ordu horretan hasiko da zenbaketa. Orotara, 43 hautagaitza onartu dira, horietatik 15 Bizkaian eta hamalauna Gipuzkoan eta Araban. 1.075 hautagaietatik, 539 emakumezkoak dira eta 536 gizonezkoak.

761 hautesleku prestatu dituzte igande honetarako, 2016an baino 42 gehiago, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren hitzetan, "osasun agintarien neurriei eta gomendioei jarraituta, udalek egindako ahaleginari esker". Araban 105 hautesleku izango dira, 369 Bizkaian, eta 287 Gipuzkoan.

2.678 hauteskunde-mahai egongo dira (2016an baino 85 gehiago). Handiagoak izango dira pertsonen arteko metro eta erdiko tartea bermatzeko, COVID-19aren kutsatzea saiheste aldera. Mahaietako kide izateko 24.102 herritar izendatu dituzte (8.034 titular eta 16.068 ordezko). Mahai bakoitzean bi eledun eta presidente bana izango dira, guztira, duela lau urte baino 255 pertsona gehiago.

17.200.000 boto-paper jarriko dira herritarren eskura, eta ia milioi erdi gutun-azal. Posta bidez bozkatzeko 200.000 inprimaki egin dira, eta hauteskunde-mahaietako kideetarako 33.000 gida-liburu inprimatu.  

Bestalde, gaixo dauden edo mugikortasun mugatua dutenenentzat bozkatzera eramateko doako zerbitzua abian jarri du Segurtasun Sailak, Gurutze Gorriko eta DYAko kideen laguntzarekin. Aurreko hauteskundeetan 414 herritarrek erabili zuten zerbitzu hori.

Parte-hartzearen datuak eta emaitzak

Lehendakaritzan egokituko duten Emaitzak Aurkezteko Zentrotik emango dituzte igandean datuak; parte-hartzeari dagozkionak, aurrena, eta emaitzak, ondoren. Horretarako, pantaila handi bat jarriko dute, datuekin osatutako grafikoak ikusi ahal izateko.

10:00etan eskainiko du lehendabiziko prentsaurrekoa Segurtasun sailburuak, hauteslekuen irekieraren ingurukoak eta sor daitezkeen gorabeheren ingurukoak azaltzeko. 13:00etan parte-hartzeari buruzko lehendabiziko datuak eskainiko ditu, 12:00ak arteko tarteari dagozkionak, eta 18:00etan berriro agertuko da, 17:00ak arteko parte-hartzea zenbatekoa izan den azaltzeko.

22:30 alderako botoen % 100 zenbatuta izatea aurreikusi du Jaurlaritzak

Behin hauteslekuak itxita, eta botoen zenbaketa datu adierazgarriak uzten hasi orduko, berriro agertuko da Beltran de Heredia, emaitzen aurreneko zertzeladak eskaintzera. Hortik aurrera, datuak etengabe eguneratuko dituzte; eitb.eus atariak zuzenean emango ditu emaitzak.

Jaurlaritzako langileek jasoko dituzte hauteskunde-mahai bakoitzeko emaitzak, EJIE harrera-zentrora bidali eta han prozesatuko dira, Interneterako eta komunikabideetarako egokitutako formatu desberdinetan berehala publikatu ahal izateko. 

Hiru Lurralde Historikoetan bozen zenbaketa aurreratua dagoenean, 21:00ak aldera, hasiko dira emaitza ofizialak zabaltzen, eta gau osoan zehar datuak berritzen joango dira botoen zenbaketa % 100era iritsi arte (22:30ak aldera).

AEHE bozak

Atzerrian bizi diren eta boza emateko eskubidea dutenen herritarren kopuruari dagokionez (AEHE bozak), 78.825 dira aurten (69.158, berriz, 206an). Onartutako eskaerak 2.200 inguru izan dira.

Segurtasun sailburuak azaldu duenez, hainbat herrialdetan bizi diren euskal hautesle askok ezin izan dute bozkatu, esaterako, Kuban bizi direnek, handik ez baita AEHE botorik heldu. Behin betiko datuak datorren astean jakinaraziko dituzte, Lurraldeetako Hauteskunde Batzordeek erabateko zenbaketa behin eginda.

Osasun-jarraibideak

Koronabirusaren krisiak ezohiko bihurtu dituen hauteskundeetan hartuko diren osasun-neurriak ere, halakoak izango dira. Segurtasun Sailak azken egunotan eman ditu ezagutzera neurrietako batzuk; besteak beste, hauteslekuak garbitu eta desinfektatu egingo dira hauteskunde-eguna baino lehen, bozketa-egunean bertan eta hauteslekuak itxi ondoren.

Halaber, hauteskunde-mahaien artean gutxienez bi metroko tartea egotea eta mahaikideen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izatea ezinbestekoa izango da. Bozketa-kabinatik hauteskunde-mahairainoko distantziak ere egokia izan beharko du, eta lurrean jarritako marken bidez, boto-emaileen arteko distantziak gorde beharko dira. Bestalde, lokala ondo aireztatuta izan beharko da.

Jarraibide horiek kontuan hartuta, hiri eta herri askotan hauteslekuak egokitu egin dira edo lekuz aldatu; ohi baino mahai gutxiago jarri dira zentro bakoitzean, eta hainbat herritan, botoa emateko toki gehiago jarri dira.

Hautesleei dagokienez, ondorengoak dira hartu beharreko neurriak: hauteslekuaren barruan maskarak nahitaez erabili behar dira, eta hautesleku bakoitzaren atarian gel hidroalkoholikoa egongo da, hautesleek eskuak garbitzeko. Ezarritako segurtasun-distantziaren inguruko gomendioak ere kontuan hartu beharko dira.

Hauteskunde-mahaiko kideek hala eskatuz gero, eta identifikaziorako beharrezkoa bada, hautesleak maskara kendu beharko du, aurpegia ikus diezaioten. Halaber, dokumentazio pertsonala edo bozketako gutun-azala mahaiburuari erakustea nahikoa izango da, fisikoki esku batetik bestera pasatu gabe.

Mahaikide bakoitzari maskara kirurgikoak eta gel hidroalkoholikoa emango zaio, eta boto-kontaketarako FFP2 motako maskarak eta nitrilozko eskularruak erabiliko dituzte. Gainera, plastikozko poltsa hermetikoak emango dituzte, babes-materiala botatzeko.

Hauteskunde-gaua, EiTBn

Euskal Irrati Telebistak igandeko hauteskunde autonomikoen bozketa eguna bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du. Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez egunean zehar gertatu den guztiaren berri emateaz gain, 19:00etan saio bereziak hasiko dira.

Halaber, albistegi zerbitzuek Gizakerrek egindako inkestaren emaitzak emango dituzte ezagutzera. Aurreko egunetan eta telefono bidez egindako inkestaren datuak bilduko ditu EiTBko hauteskunde gaueko galdeketak. 

eitb.eus atariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak zuzenean kontsultatzeko aukera eskainiko du.Horrez gain, hauteskundeekin lotutako informazioa izango da une oro eitb.eus-en. Hauteskunde gauean gertatzen den guztia argazki, bideo, testu eta audio bidez jasoko da.

EiTB Taldeko telebista (ETB1 eta ETB2) eta irrati (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria) emankizunak streaming bidez jarraitu ahalko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak