EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Inkestak
EAJ irabazle eta EH Bildu bigarren indar politiko, inkesten arabera
Azken asteetan egindako inkesta guztiek zabaldu dutenez, EAJk 24-27 eserleku lortuko lituzke eta koalizio abertzaleak, berriz, 21-22 eserleku.
T. SAN JOSÉ
Aste hauetan inkesta-enpresek eskainitako datuen arabera, Euzko Alderdi Jeltzalea irabazle izango da datorren urriaren 21ean izango diren hauteskunde autonomikoetan. Izan ere, inkesten aburuz, Iñigo Urkulluren alderdiak 24-27 legebiltzarkide lortuko lituzke. Horrela, CISek egindako inkestaren arabera, EAJk 27 irabaziko lituzke, eta Eusko Jaurlaritzak egindako inkestak dioenez, litekeena da 24 eta 26 eserlekuren artean lortzea.
Bestalde, boz kopuru gehien lortuko lukeen bigarren alderdia EH Bildu izango litzateke. Kasu honetan, inkesta guztiek aho batez ondorioztatu dutenez, legebiltzarkide kopuruari dagokionez, 21-22 lortuko lituzke koalizio abertzaleak. PSE-EEk, ostera, 14-17 irabaziko lituzke eta PPk, berriz, 9-13 eserleku.
Litekeena da Patxi Lopezen eta Antonio Basagoitiren alderdietan antzeman daitekeen eserleku dantzak alderdi txikietan eragina izatea. Horrela, bost inkestatatik hiruk diotenez, UPyDk orain daukan legebiltzarkide bakarra galdu dezake. Ezker Anitza-IUk 2 eta 3 bitartean lortuko lituzke.
Egun, Eusko Legebiltzarrean EAJko 30 legebiltzarkide, PSE-EEko 25 legebiltzarkide, PPko 13, Aralarreko 4, EAko 1, EBko 1 eta UPyDko bat daude. Ezker abertzaleari 2009ko hauteskundeetan aurkeztea galarazi zioten. 75 legebiltzarkidek osatzen dute Eusko Legebiltzarra. 38 legebiltzarkide lortuta, alderdi batek gehiengo absolutua izango luke.