Albisteak -

M-25eko bozak

Erabakitze eskubideaz duen iritzia argitzeko eskatu dio Mintegik EAJri

EH Bilduren hautagaiak azaldu duenez, Itxaso Atutxak eta Joseba Egibarrek eskubide hori aipatzen duten bitartean, Urkulluk "zuzendu" egiten die.

Laura Mintegi EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: ETB
Laura Mintegi EH Bilduren legebiltzarkidea.
Laura Mintegi EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: ETB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduren legebiltzarkideak kritikatu du EAJk ez duela "argi" erabakitzeko eskubidearen aurrean duen jarrera, eta "argitzeko" eskatu dio; izan ere, "egun batean 'a', bestean 'b' eta hurrengoan beste zerbait esaten dute".

Mintegik Infozazpin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EAJk EBko hauteskundeetan eserleku bat lortzeak ez du gauza handirik esan nahi, "batzuetan diskurtso abertzalea badu ere, gizarte alorrean PPren politika neoliberal bera" aplikatzen duelako.

Era berean, Mintegik esan du ongi iruditzen zaiola ordezkari politikoek batzarrak egitea, baina kritikatu egin du Urkullu Artur Mas Kataluniako presidentearekin bildu izana "horren bitartez zein jarrera duen ezkutatzen badu".

"Masen eta bere alderdiaren jarrera argia da Kataluniako herritarrei ahotsa ematearen alde, baina ez dut Urkulluren eta Jaurlaritzaren jarrera argi ikusten", gaineratu du.

"EAJk beti berdina esango balu, sinetsiko niokeen. Baina egun batean 'a' esaten dute, beste batean 'b', eta hurrengoan ez 'a' ez 'b'. Atutxak eta Egibarrek erabakitzeko eskubidea hitz egin dute, baina lehendakariak zuzendu egiten ditu, eta hori baztertu eta autogobernuaren eta Estatutua garatzearen alde agertzen da", adierazi du Mintegik.

Gerry Adams

Bestalde, Gerry Adams Sinn Feinen buruaren atxiloketa izan du Mintegik hizpide, eta "hemen bezalaxe, Irlandan ere Poliziak denborak oso ondo neurtzen" dituela eta atxiloketak "helburu zehatza" izan duela azpimarratu du.

"Helburu bat zuten: sigla eta pertsona jakin batzuk gatazka giroarekin nahastea. Hemen ere ikusten dugu hori. Sigla batzuk etengabeko susmopean daude. Horretan aritzen da Polizia", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea