Albisteak -
Europako hauteskundeak
EAJ: 'Urkulluk pertsonak helburu dituen Europa defendatzen du'
Izaskun Bilbaoren arabera, "mundua ez da jasangarria izango txinatarren antzera lan egiten tematzen bagara".
Erredakzioa
Izaskun Bilbao Europako hauteskundeetarako EAJren hautagaiaren esanetan, "Europar Batasunak bultzatzen dituen jasangarritasun neurriak Urkullu lehendakariak Troikaren aurrean defendatu eta pertsonak helburu dituen Europan hasi eta amaitu egiten dira".
EAJk hauteskunde ekitaldia egin du Bilbon, Arte Ederren Museoan. Hautagai jeltzaleak bertan adierazi duenez, "Europar Batasunaren 2020 estrategiaren ondorioz sortu den hazkunde jasangarria pertsonen talentuan, ezagutzan eta ekimenean oinarritzen bada izango da zuzena eta adimentsua".
Halaber, Bilbaoren hitzetan, "integratzailea ere izango da, berdintasuna eta aberastasuna modu orekatuan banatzeko gaitasuna azkarra eta bidezkoa direlako".
Bilbaoren ustez, Europarentzat ez da jasangarria "eskubideak eta lan-kostuak murriztuta lehiatzea eta eztarria ke toxiko artean garbitzea". "Mundua ez da jasangarria izango txinatarren antzera lan egiten tematzen bagara, txinatarrek guk bezala lan egitea lortu beharrean bere eredu sozialagatik mundu osoa erakarriko duen Europa bat eraikiz", gaineratu du.
Bestalde, Guy Verhofstadt Belgikako lehen ministro ohi eta Europako Batzorderako Europaren Aldeko Demokrata eta Liberalen Aliantza (ALDE) taldearen presidentegaia Euskadira etorri da astearte honetan, EAJri babesa agertzeko.
Verhofstadt Izaskun Bilbaorekin, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin batzartu da, eta ekitaldi batean parte hartuko du asteazkenean.