Albisteak -
Maiatzak 25
Hausnarketa egunean ere, hautagaiak kalera atera dira
Botorik ez dute eskatu, baina jendaurrean egoteko azken aukera aprobetxatu nahi izan dute, bakoitzak bere erara.
Erredakzioa
Ostiral gauerdian amaitu zen ofizialki hauteskunde kanpaina eta gaur larunbata, hauteskunde bezpera izaki, hausnarketa eguna da.
Alderdi politikoek ezin dute botoa eskatu egun honetan, baina hautagaiak kalera atera dira gaurkoan ere boto-emaileengandik gertu egoteko. Guztiek ere beldur bera dute: abstentzioa.
Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamenturako EAJren hautagaiak Guitrans Gipuzkoako Garraiolarien Patronalaren batzarrean parte hartu du Donostian.
Josu Juaristi EH Bilduren hautagaia, berriz, bere koalizioan dauden europarlamentari ohiekin elkartu da.
Ramon Jauregi, Eider Gardiazabal, Maider Lainez eta Ekain Rico hautagai sozialistek atseden hartzeko eta senide eta lagunekin egoteko baliatuko dute eguna.
Carlos Iturgaiz Alderdi Popularreko hautagaia Ermuako galiziarren elkartera joan da eta bertan bazkaldu du senideekin.
Maite Pagazaurtundua UPyDko bigarrenak paseatzeko, ama bisitatzeko eta senideekin egoteko baliatuko du eguna.
Azkenik, Ezker Anitzako hautagaiak Bilbon barrena ibili dira tragoxkak hartzen.