Albisteak -
Europako Hauteskundeak
EAJk dio hauteskundeek bere lidertza 'sendotu' dutela
Alderdiaren Zuzendaritzak uste du bozetarako zituzten "bi helburuak" bete dituztela: Euskadin duten lidertza sendotzea, eta Bilbao berriro europarlamentari izatea.
Erredakzioa
EAJren zuzendaritza "oso gustura" agertu da Europako Hauteskundeetan lortutako emaitzarekin, jeltzaleek "Euskadin duten lidertza politikoa sendotu" dutelakoan, eta Izaskun Bilbao hautagaiak berriro europarlamentari izatea lortu duelako.
Euzkadi Buru Batzarrak astelehenero egiten duen bileran aztertu dituzte hauteskundeetako emaitzak, eta "oso balorazio positiboa" egin dute, prentsa-ohar batean jakinarazi dutenez.
Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Izaskun Bilbao europarlamentariak parte hartu dute batzarrean.
Andoni Ortuzar buru duen zuzendaritzaren ustez, bozetarako zituzten "bi helburuak" bete dituzte: Euskadin duten lidertza sendotzea, eta Bilbao berriro europarlamentari izatea.
EAJren arabera, gainera, Bilbao berriro hautatuta, "euskal herritarren interesen defentsa" Bruselan eta Estrasburgon bermatuta dago.