Hauteskunde Orokorrak -
Abenduaren 20ko bozak
Hauteskundeetarako behin betiko hautagaitzak argitaratu ditu BOEk
Alderdiek sei eguneko epea izan dute behin-behineko zerrendak begiratu eta akatsak zuzentzeko.
Agentziak | Erredakzioa
BOEk (Estatuko Aldizkari Ofiziala) abenduaren 20ko hauteskunde orokorretarako behin betiko hautagaitzak argitaratu ditu astearte honetan.
Kongresurako eta Senaturako zerrendak azaroaren 18an kaleratu zituzten, eta ordudanik sei eguneko epea izan dute alderdiek akatsak zuzentzeko.
Hala, besteak beste, honako aldaketa jaso dute zerrendotan: PPk Marta Dominguez atleta kendu du Kongresuko zerrendatik (Madrilgo barrutia) eta Beatriz Rodriguez Salmones diputatu beteranoa jarri du haren ordez. Salvador Monedero, Juan Carlos Monederoren aita, berriz, Voxeko zerrendetan joango da (Kongresurako hautagaien zerrendan, Madrilgo barrutian).
Behin betiko zerrendak argitaratuta, hauteskunde egutegiaren zati handi bat egina dago. Egutegi horretan, biharko eguna ere markatuta dago, udalek azken eguna dutelako hauteskunde mahaiak osatzeko zozketak egiteko.
Hauteskunde kanpaina abenduaren 4an, 00:00etan, hasi, eta abenduaren 18ko gauerdian bukatuko da. Horrez gain, posta bidez bozkatzeko asmoa dutenek abenduaren 10a arte dute eskaera egiteko.