Hauteskunde Orokorrak -

KANPAINA

Iruñean, Gasteizen eta Bilbon abiatuko dute kanpaina euskal alderdiek

Gaur, 24:00etan, hasi, eta abenduaren 18an amaituko da, ofizialki, hauteskunde orokorretarako kanpaina. Inkesten arabera, bozetarako bi asteren faltan, erabaki gabeko botoak inoizko gehienak dira.

Abenduaren 18an amaituko da kanpaina. Argazkia:EFE.
Gaur gauean hasiko da abenduaren 20rako kanpaina

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñea, Bilbo eta Gasteiz aukeratu dituzte euskal alderdi nagusiek 2015eko hauteskunde orokorretako kanpaina abiatzeko. EAJk, EH Bilduk eta Podemos Euskadik Gasteizen egingo dute lehendabiziko ekitaldia. PSE-EEk eta PPk, berriz, Bilbo aukeratu dute. Nafarroako alderdiek ere, hitzorduak jarrita dituzte, ia denek, Iruñean, kanpaina abiarazteko.

Jeltzaleen ekitaldi nagusia, esan bezala, Arabako hiriburuan egingo da, arratsalde-iluntzean: bertan izango dira, besteak beste, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria.

EH Bilduk ere ekitaldi politikoa antolatu du, iluntzerako, Gasteizen. Hauteskundeetarako hautagaiekin batera, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak hartuko du parte.

Podemos Euskadik eguerdian egingo du aurkezpen-ekitaldia, Gasteizen; Juantxo Lopez de Uralde, Eduardo Maura eta Nagua Alba hautagaiak aurkeztuko dituzte, Salburuan egingo duten ekitaldian.

Sozialistak Bilbo hautatu du kanpainari hasiera emateko. Patxi Lopez lehendakari ohia eta  Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia izango dira bertan.

EAEko PPk ere, Bizkaiko hiriburuan du hitzordua; besteak beste, Alfonso Alonsok, Borja Semperrek eta Leopoldo Barredak hartuko dute parte ekitaldi horretan.

Geroa Baik Iruñean egingo du bere ekitaldi nagusia, Uxue Barkos Nafarroako presidentea eta Koldo Martinez Kongresurako hautagaia buru direla.

UPN-PPko kideek ere Nafarroako hiriburuan egingo dute kanpaina hasteko ekitaldia; Sarasate pasealekuan bilduko dira arratsaldean.

Gauerdian hasi eta abenduaren 18an amaituko da kanpaina, eta, inkesten arabera, hauteskundeetarako bi asteren faltan, botoa erabaki gabe dutenen kopurua inoizko handiena da. Alderdi eta koalizio berriak aurkeztu dira hauteskunde hauetara, eta ikusteko dago Espainiako Gobernu berriak zer kolore izango duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV PP Geroa Bai Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Alderdi politikoak berriak EH Bildu Nafarroa PSE-EE albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa