Politika -
CIS-en inkesta
PPk handitu egin du PSOErekin duen aldea; Ciudadanos, hirugarren
Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak boto-asmoaren berri jakiteko egindako azken barometroaren arabera, Podemos laugarren tokira jaitsiko da.
AGentziak | Erredakzioa
Hauteskunde orokorrak gaur egingo balira, PPk irabaziko lituzke, PSOErekin, bigarren indarrarekin, duen aldea handituta (3,8 puntu), gainera. Hala aurreikusi du gaur kaleratu duten Espainiako Ikerketa Soziologikoaren Zentroak boto-asmoaren inguruan egindako inkestak. Barometroak jaso duenez, Ciudadanosek lekua kenduko dio Podemosi, eta hirugarren indar izango da.
Horren arabera, 'popularrek' botoen % 29,1 jasoko dituzte, eta 3,8 puntura handituko du sozialistei ateratako aldea. PSOEk ere, gora egin du, botoen % 25,3 jasotzea aurreikusi baitu galdeketak.
Ciudadanos izango da hirugarren indarra, CISen arabera, botoen % 14,7 (uztaileko bBarometroak iragarritakoa baino 3,6 puntu gehiago) jasoko baititu. Podemos, berriz, laugarren tokira jaitsiko da, horien babesa % 10,8ra jaitsiko baita (uztailean, % 15,7koa zen).
Urriaren 1a eta 12a bitartean egin zituzten galdeketak, irailaren 27an Katalunian hauteskundeak egin ondoren.
Ondorioz, PP izango da berriro lehen indarra, CISek uztailean kaleratu zuen inkestan baino bederatzi hamarren gehiago lortuko dituela aurreikusi baitu azken honek. PSOEk ere hobetu ditu aurreikuspenak, lau hamarren egin baitu gora.
IUk goranzko joerari eutsi dio, puntu bat egin baitu gora. Hauteskunde orokorrak gaur egingo balira, botoen % 4,7 eskuratuko lituzke, eta UPyDk behera egingo luke, botoen % 1,2 eskuratuta. CDCk (Unió gabe) lau hamarren galduko lituzke, botoen % 2,9 lortuta, eta Josep Antoni Duran i Lleidaren alderdia, CISen arabera, botoen % 0,1 besterik ez du jasoko. ERCk, bere aldetik, uztailean aurreikusitako emaitza lortuko du (botoen % 2,2).
Euskal alderdiak
Amaiur koalizioak gora egingo du hamarren bat, botoen % 1,2 jasota, eta EAJk behera, % 1,3tik % 0,7ra, hain zuzen. Geroa Baik, berriz, botoen % 0,1 eskuratuko ditu berriro (aurrekoan aurreikusitako emaitza bera).
CISek hauteskunde orokorren inguruko inkesta bat egingo du kanpaina hasi baino lehen, eta (galdeketan jasotako datuak baieztatuz gero) eserlekuak nola banatuko diren jasoko du bertan.
Buruzagi politikoen balorazioari dagokionez, Uxue Barkos Nafarroako presidentea (maiatzean utzi zuen Geroa Baiko diputatuak bere eserlekua) dago zerrendan lehen postuan. Presidentetzarako hautagaien artean, Pedro Sanchez dago buruan, 3,84 puntu jasota; Rajoyk baino puntu bat gehiago.