Hauteskunde Orokorrak -

Zalantzak

A20ko hauteskundeei buruzko galde-erantzunak

Zalantza guztiak argituko dizkizugu: mahaikide izatetik libra naiteke? lanean banago, bozkatzera joateko baimena dut? zein koloretakoa da boto-txartela?

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zer hautatuko dugu hauteskundeetan?

Abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan Gorte Orokorren osaketa zehaztuko dute hautesleek, hau da, 350 diputatuak eta 208 senatariak aukeratuko dituzte.

Ondoren, diputatu horiek Espainiako Gobernuaren presidentea hautatuko dute. Garrantzitsua da hori ondo ulertzea: boto-emaileek ez dute presidentegai baten alde bozkatuko, zerrenda baten alde baizik. Horregatik, gerta liteke alderdi batek hautagaia aldatzea inbestidura saioan.

 

Zein koloretakoa da boto-txartela?

Kongresurako hauteskundeen boto-txartela zuria da, alde bakarrean inprimatuta dago, eta alderdiaren eta hautagaien izenak agertu behar dira bertan. Alderdi bakoitzak txartel propioa du.

Senaturako hauteskundeen boto-txartela, aldiz, sepia kolorekoa da, eta bakarra da alderdi guztientzat. Boto-emaileek hiru izen markatu behar dituzte bertan, alderdi berekoak izan edo ez izan.

 

Zein da boto zuriaren, balio gabekoaren eta abstentzioaren arteko aldea?

Boto zuria: Gutun-azala hutsik uztea da boto zuria ematea, eta, teorian behintzat, hauteskunde sistema babesten duzula baina zure gustukoa den alderdirik ez dagoela esan nahi du.

Boto zuriek eragin zuzena dute emaitzetan. Izan ere, handitu egiten dute erakundeetan sartzeko beharrezkoa den gutxieneko boto kopurua (% 3koa A20ko hauteskundeetan). Hau da, zenbat eta boto zuri gehiago, gero eta handiagoa izango da ordezkaritza lortzeko beharrezko den gutxieneko boto kopurua. Hori dela eta, zuriz bozkatzeak alderdi handien alde egitea dakar.

Boto baliogabea: Gutun-azalean boto-papera ez den beste zerbait sartzea edo papera bera eraldatzea da baliorik gabeko botoa ematea.

Boto baldarra dela esan ohi da, eta ez du eraginik azken emaitzetan. Hori bai, zenbatu egiten dituzte.

Abstentzioa: Ez bozkatzea da. Edozein alderdiri egin diezaioke mesede edo kalte, etxean geratzen direnak noren boto-emaile diren arabera. Bozkatzera ez joateko arrazoiak askotarikoak izan daitezke (gaixorik egotea edo hauteskundeak direla ez jakitea, adibidez), baina herritarrek politikaren eta hauteskunde sistemaren aurrean duten interesa neurtzeko erabili ohi da.

 

Lan egin behar dut hauteskunde egunean. Bozkatzera joateko baimena eskatu ahal dut?

- Lanaldiaren ordutegiak gutxienez lau orduz bat egiten badu hauteslekuen ordutegiarekin, bozkatzera joateko 4 orduko baimena dago.

- Kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena.

- Lanaldia ohikoa baino laburragoa bada, baimenaren iraupena proportzionalki txikituko da.

 

Nolakoa izango da hauteskunde-eguna?

Goizeko bederatzietan irekiko dira hauteslekuak eta hamaika ordu geroago itxiko dira, hau da, arratsaldeko zortzietan.

Hautetsontziak irekita dauden bitartean, hedabideek ezin dute inkestarik publikatu. Bai, ordea, hauteslekuak itxi ondoren.

 

Hauteskunde-mahaiko kide izatea egokitu zait. Libra naiteke?

Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak "hauteskunde-mahaietan ez parte hartzeko alegazio batzuk" jasotzen ditu, eta arrazoi pertsonalak, familiarrak eta profesionalak bereizten ditu.

Besteak beste, bularra ematen duten amak babesten ditu legeak (haurrak 9 hilabete bete bitartean). Mahaikide ez izateko beste arrazoi batzuk ondorengoak dira: haurdun egotea, zuzeneko senitarteko bat ezkontzea, adingabeak zaindu behar izatea, klausuran dagoen erlijiosoa izatea edo osasun arloan lan egitea.

Egun horretan lan egitea eta kontzientzia-eragozle izatea ez dira mahaikide ez izateko aitzakia.

Legea betetzea derrigorrezkoa da: mahaikide izanik hauteslekuetan agertzen ez denak hauteskunde-delitua egingo du, eta 3 hilabete eta hilabete arteko espetxe-zigorra jaso dezake, edo 6 eta 24 hilabete arteko isunak. Ez da txantxa, aurrekari penalak izatea zenbait herrialdetara bidaiatzeko debekua edo zenbait beka jasotzeko oztopoa izan baitaiteke.

 

Mahaikide izatea egokitu zait. Zenbat ordainduko didate eta zer eskubide dut?

Mahaiko presidenteak eta bokalek 62,61 euroko dieta jasoko dute. Dieta horrek ez du zerga atxikipenik. Gizarte Segurantzak ere babesten ditu pertsona horiek.

Hauteskundeen hurrengo egunean lan egiten dutenek, gainera, ordaindutako eta errekuperatu behar ez den baimena izango dute lanaldiko lehen bost orduetan.

 

Nortasun-agiria iraungita badago, bozkatu dezaket?

Bozkatu ahal izateko, nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu behar da hauteslekuan. Edozein kasutan ere, agiriak argazkia izan behar du, eta berdin dio iraungita badago. Hori bai: originalak aurkeztu behar dira; fotokopiek ez dute balio.

 

Zer da D'Hondt Metodoa?

Eserlekuak esleitzeko erabiltzen den sistema da. Hau da hori kalkulatzeko modua:

- Barruti bakoitzean gutxienez botoen % 3 lortu ez dituzten alderdiak kanpoan geratzen dira

- Hautagaitzak handienetik txikienera ordenatzen dira ondoren, botoen kopuruaren arabera

- Hautagaitza bakoitzaren botoekin zatiketa egiten da: zati 1, zati 2, zati 3, zati 4, zati 5… (barrutian jokoan dagoen eserleku kopurua beste)

- Eserlekuak zenbaki handienak dituzten alderdiei ematen zaizkie

 

Noiz osatuko dituzte Gorteak

Diputatuen Kongresuak eta Senatuak 2016ko urtarrilaren 14a baino lehen egon behar dute osatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Berriak Politika Hauteskunde orokorrak Espainian Espainia Albisteak