Hauteskunde Orokorrak Espainian 2019: A10ari buruzko azken orduko albisteak | EITB Hauteskundeak

hauteskundeak

09:33

Hauteskunde Orokorrak

RTVE-KO EZTABAIDA

Irabazle argirik gabe amaitu da A28ko hauteskunde kanpainako lauko lehen eztabaida

AGENTZIAK

Tentsio uneak izan badira ere, zakarkeria handirik gabekoa izan da RTVEn bart egindako lauko eztabaida. Kataluniaz eta balizko itunez hitz egiterakoan izan dira aurrez aurreko nabarmenenak.

4:58
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako kanpaina betean, bart egin da Moncloarako lau hautagai nagusien arteko lehen lauko eztabaida RTVEn. Zakarkeria handirik gabekoa izan da, irabazle argirik gabe utzi ez duena. Kataluniaz eta balizko itunez hitz egiterakoan izan dira aurrez aurreko nabarmenenak Pedro Sanchezen (PSOE), Pablo Casadoren (PP), Pablo Iglesiasen (Unidas Podemos) eta Albert Riveraren (Ciudadanos) artean.

Atzokoa lehen lauko eztabaida izan zen. Gaur izango da bigarrena, Atresmedian.

Hautagaien tonuari erreparatuta, Pedro Sanchez, urduri hasieran, hanka sartzerik ez egiten saiatu zen; Pablo Casadok orain arte baino tonu apalagoa erakutsi zuen, Pablo Iglesias, krispaziotik ihesi, proposamenetan azpimarra jartzen ahalegindu zen; eta Albert Rivera izan zen lauretan agresiboena. Eztabaidak iraun zuen bitartean, Pedro Sanchez eta Quim Torra Generalitateko presidentea elkarrekin ageri diren argazki bat erakutsi zuen bere atrilean.

Pablo Casadok eta Albert Riverak elkar hartu zuten Pedro Sanchezen kontra egiteko. Espainiaren batasuna arriskuan jartzea leporatu zioten independentismoarekin itunak egiteagatik, eta proces auziko presoei indultua emango ote dien galdetu zioten. Horrez gain, Sanchezen politika fiskala eta neurri sozialak arbuiatu zituzten. Bietako inork ez zion erreferentziarik egin VOX alderdiari.

Sanchezek, bere aldetik, Colon plazako argazkia, PP, Ciudadanos eta VOX elkarrekin agertu zirenekoa, ekarri zuen gogora, ultraeskuinaren arriskuaz ohartarazteko. Halaber, Pedro Sanchezek eskerrak eman zizkion Pablo Iglesiasi, Unidas Podemosek bere neurri sozialei emandako babesagatik. Ez hori bakarrik, bere babesa agertu zion koalizio moreko hautagaiari, Estatuko poliziaren aldetik espioitza pairatzeagatik. Bestalde, eskuak zein koloretakoak dituen galdetu zion Casadori, Eusko Legebiltzarrean PP eta EAJ hainbatetan bat etorri direla gogoratuz.

Unidas Podemoseko buruzagia "desengainatuta" irten zen eztabaidatik, haren esanetan, Sanchezek bere galderari erantzun ez ziolako. Hauteskunde osteko balizko itunez ari zirela, Ciudadanosekin ituna egiteko prest ote dagoen galdetu zion behin eta berriro, erantzunik jaso gabe.

Ordu eta erdi iraun zuen eztabaidan, PPko eta Ciudadanoseko buruek zerga jaitsiera hitzeman zuten. Sanchezek eta Iglesiasek, ostera, eskuinarekin aberatsenek gutxiago ordaintzen dutela ohartarazi zuten.

Gaueko lehen tentsio unea eztabaidaren bigarren blokean iritsi zen, Pedro Sanchezek Pablo Casadori PPko hainbat kidek emakumearen inguruan egin dituzten adierazpeni buruz galdetu zionean. Cayetana Alvarez de Toledori zuzenean erreferentziari egin gabe, eta "ez, ezetz da" leloa gogoan, emakumeak baietz esaten ez duenean ezetz dela gogoratzeko eskatu zion Sanchezek Casadori. Riverari, ostera, emakumeen sabela salgai ez dagoela  erantzun zion.

Aurreikusi zitekeen bezala, Kataluniako gaiak piztu zuen bereziki sua. Proces auziko presoei indultua emango ote dien publikoki adierazteko eskatu zioten Pablo Casadok eta Albert Riverak Pedro Sanchezi. PSOEko buruak, berriz, botere banaketa errespetatzeko eta Auzitegi Gorenari lan egiten uzteko aldarrikatu zuen. Gainera, epai irmorik izan arte indulturik izan ezin dela nabarmendu zuen.

Balizko itunez galdetuta, Riverak eta Iglesiasek argi hitz egin zuten. Ciudadanoseko buruak berarekin gobernua osatu nahi duela esan zion Casadori, nazionalisten parte-hartzerik gabe. Iglesiasek, bere aldetik, eskua luzatu zion Sanchezi ituna egiteko, baina ez zuen erantzunik jaso. Pedro Sanchez "etsita" azaldu zen Riverak PSOErekin itunak egitea baztertu zuelako, baina ez ordea VOXekin. Bestalde, Casadok argi utzi zuen ez duela EAJrekin itunik egingo.


Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena