Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren zortzigarren eguna
Sanchezek eztabaidetan 'irainik' ez esateko eskatu die Casado eta Riverari
Indarkeria matxistaren aurkako plan bat eskatu du EPk. Eztabaidetan parte hartzeko "eskubidea" aldarrikatu du EAJk. "Anbizioz" bozkatzea eskatu du EH Bilduk. Espainian aldaketa eskatu du PPk.
Agentziak | Erredakzioa
Pilar Garrido Diputatuen Kongresurako Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako zerrendaburuak indarkeria matxistaren aurkako estatu mailako plan bat abian jartzea eskatu du, urteroko 600 milioi eurorekin. Gainera, indarkeria mota honetako biktimentzat hileroko 900 euroko laguntzak eta emakume hauek "indarkeria hori sufritzen duten etxetik irten ahal izateko" etxebizitza mailako konponbideak izatea eskatu dute.
Getxon (Bizkaia) berdintasunari buruz egindako hauteskunde ekitaldi batean, Robertu Uriarte Bizkaiko zerrendaburuarekin batera, Garridok indarkeria matxista "sistemikoa eta egiturazkoa" dela eta eremu askotan sufritzen dela salatu du.
Esan duenez, feminismoa irakasgaia sartu behar da, haurrak berdintasunean hezteko, "txikitatik berdintasun baloreetan hezten bakarrik gizarte inklusibo bat eraiki ahal izango delako, emakumeek eta gizonek eskubide berak dituzten gizartea".
Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuarentzat, "lotsagarria" da "Espainiako alderdi handietako" liderrek sortu duten zalaparta telebistako hauteskunde eztabaiden inguruan. Esan duenez, jeltzaleek parte hartzeko eskubidea dute, Euskadi defendatzeko, ordezkaritza dutelako Parlamentuan. Gainera, Estebanek uste du eztabaida horietan Euskal Herria "iraindu" eta "jaurtitzeko arma" bat bezala erabiliko dutela.
Balmasedan (Bizkaia) egindako ekitaldian, Estebanek esan du ez direla estatu mailako alderdiak erabiltzen ari diren politika egiteko modu horrekin bat etortzen, eta zuzenean hitz egin du eztabaiden inguruan sortutako polemikaz. "Politikaz hitz egiten beharko litzateke, normaltasunez eta lasaitasunez guztion artean eztabaidatzen. Eta, aldiz, Espainiako alderdi politiko handien arteko iskanbila honen erdian gaude", esan du.
Legez debateak arautzearen aldeko iritziei buruz, zera galdetu du buruzagi jeltzaleak: "Benetan gauza hauek legez egin behar dira hauteskunde kanpainan?". Gainera, eztabaida hauetan Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartzearen alde agertu da, eta gogorarazi du "kanpaina hau ez dela presidentzialista, eta ez gara presidente bat aukeratzen ari".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta PSOEko hautagaiak telebistako hauteskunde eztabaidetan "garbi jokatuko" duela hitzeman du, eta PP eta Ciudadanos alderdietako Pablo Casado eta Albert Riverari "ez iraintzeko" eskatu due.
Donostian egindako mitinean, Sanchez txantxetan ere ibili da: TVEko apirilaren 22ko eta Antena 3 eta La Sexta kateetako 23ko debateak "umeentzako ordutegitik kanpo" izatea ondo iruditzen zaie, PPk eta Ciudadanosek berari buruz esango dituzten gauzak kontuan hartuta.
Sozialisten liderrak azaldu duenez, bere proposamenak azaltzeko asmoarekin joango da bi eztabaidetara. Sanchezek defendatu du "eztabaidatzea letra larriz idazten den" politikan garbi jokatzeko modu bat dela, eta bera hori aldarrikatzen du. "Erregenerazio demokratikoa ustelkeriaren kontra borrokatzea da, baita eztabaidatzea da, eta bi egongo dira", azaldu du.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak "herrialde izatearen anbizioz" bozkatzeko deia egin die euskal herritarrei, "jendearen bizitza hobetu" ahal izateko "soberania gehiago" lortzeko helburuarekin.
Lekeition (Bizkaia) egindako ekitaldi batean, bozeramaileak Euskadik "herri bezala" duen "apurrarekin ez konformatzeko" eskatu die hautesleei, eta "trifatxitoaren mehatxu antidemokratikoari" aurre egiteko.
Genevan (Suitza), EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eta ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak bilera egin dute, bi alderdien artean "konplizitatea eraikitzeko" Espainiar estatuko "autoritarismoaren" aurrean "batasunez ekiteko" helburuarekin. Biek akordio estrategikoa sinatu dute apirilaren 28ko hauteskundeen ostean Espainiako Gorteetan modu koordinatuan jokatzeko.
Beatriz Fanjul Kongresurako PPren Bizkaiko zerrendaburuak ez "etsitzeko" esan die euskal herritarrei, "ateraldiak etengabe dituen gobernu baten" aurrean, eta Espainian "hazkundeari eta ongizateari mesede egingo dien" aldaketa politikoaren aldeko apustua egiteko eskatu die, "inbertsioari on egingo dioten egonkortasun eta lasaitasun politikoa" lortzeko.
Bilbon egindako ekitaldi batean, Euskadi berriz Espainiaren "lokomotorra" eta Europan erreferentzia izan behar dela esan du Fanjulek, "historian zehar euskal herritarrek hori ordezkatu dugulako, eta horretarako, gobernu indartsu bat behar dugu, ideiak argi dituena".
Euskal gazteen aldeko "apustu garbia" ere eskatu du, "talentu gehiago ihes ez egiteko". "Euskal gazteek, hemen hazi eta hezi direnak, hemen lan egiteko aukera izatea nahi dugu. Talentu ihesari ez, lur honen oparotasuna eta ongizatea bermatuko duen belaunaldi baten ihesari ez", esan du.