Hauteskunde Orokorrak -

A28

Hausnarketa eguna familiarekin eta lagun artean igaro dute hautagaiek

Bazkariak egitea, San Prudentzioko Erretretara joatea, erakusketak bisitatzea edo Athletic eta Alavesen arteko partida ikustea izan dira hauteskundeen bezperako jardueretako batzuk.  

Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko hautagaia. Argazkia: EH Bildu
Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko hautagaia.
Familia eta lagunekin atseden hartzeko aprobetxatu dute hautagaiek

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde kanpaina amaituta, euskal hautagaiek familiarekin eta lagun artean igaro dute hausnarketa eguna.

Roberto Uriarte Unidas Podemos koalizioaren Bizkaiko hautagai nagusiak, adibidez, lagunekin egoteko eta Gautegiz-Arteagako Urdaibai hegaztien zentroa bisitatzeko baliatu du larunbata.

Aitor Esteban EAJko Bizkaiko zerrendaburuak hamaiketakoa egitera gonbidatu ditu gainerako hautagai jeltzaleak, kanpainan egin duten "lana" eta erakutsi duten "konpromisoa" eskertzeko asmoz. Indautxuko Batzokian elkartu dira, Bilbon.

Patxi Lopez PSE-EEko Bizkaiko hautagaiak ibilaldi luzea egin du goizean goiz, eta ondoren etxera itzuli da bazkaria prestatzera, kozinatzea bere afizioa baita. Arratsaldean atseden hartu, eta gauean familiarekin eta lagunekin afaldu du.

Odon Elorzak (PSE-EE) erosketak egin ditu goizean, Donostian, eta eguna atseden hartzeko aprobetxatu du, senideen ondoan.

Isabel Celaa PSE-EEko Gipuzkako hautagaiak familiarekin igaro du eguna, eta gauean San Prudentzioko Erretretetan izan da, Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa.

EH Bilduko hautagaien kasuan, Oskar Matutek koalizioko kideekin eta lagunekin bazkaria egin du Bilboko Arangoiti auzoan.

Mertxe Aizpurua Tabakalerara joan da, Esther Ferrerren erakusketara ikustera, eta eguna familiarekin pasatu du.

Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako zerrendaburuak goiza lanean eman du, konposta egiten, eta gauean San Prudentzioko Erretretan izan da.

Iñigo Arcauz Alderdi Popularraren Gipuzkoako hautagaia Donibane Lohizunera joan da familiarekin. Raquel Rodriguez PPko hautagaiak ere etxekoekin pasatu du larunbata, senide baten urtebetetzea ospatzeko elkartu baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Hauteskunde orokorrak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak