Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren itxiera
Sanchez eta Iglesias Euskadin 'Troiako zaldiak' direla ohartarazi du Ortuzarrek
"Espainiako alderdien beldur" dela ziurtatu du EAJko buruzagiak, nahiz eta "opariak" ekarri, "fidatzerik" ez dagoela uste duelako.
Agentziak | Erredakzioa
"Espainiako alderdien beldur" dela adierazi du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak. Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias, PSOEko eta Unidas Podemoseko hautagaiak hurrenez hurren, Euskadin "Troiako zaldiak" direla ohartarazi du buruzagi jeltzaleak. Fidatzerik ez dagoela erantsi du.
Ortuzarrek hitza hartu du arratsaldean, EAJren azken mitinean, Bilbon. Jeltzaleek kanpaina itxi dute bertan, igandeko hauteskundeen zain. Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko hautagaiak ekitaldian parte hartu dute.
"Espainiako alderdien beldur" dela ziurtatu du EAJko buruzagiak, nahiz eta "opariak" ekarri, "fidatzerik" ez dagoela uste duelako.
Ortuzarren ahotan, Espainiako alderdi batzuk "Euskadirentzako izurritea lirateke". Kanpainan zehar EAJren errefusa "irabazi" dute, gaineratu duenez; izan ere, "Estatutua izozteaz", "autogobernua kentzeaz" edo "Kontzertua eta Kupoa manipulatzeaz" mintzatu dira.
"Baina beste batzuk anbiguoagoak izan dira, Estatutuaren blindatzea aginduz hurbildu dira orain, Pablo Iglesias esaterako, edo plurinazionaltasunaren inguruan mintzatuz, Pedro Sanchez bezala", azpimarratu du Ortuzarrek.
Horregatik, "Troiako zaldiez" ez fidatzea eskatu du EAJko presidenteak, "barruan izateko arrazoia daramatelako: Espainia eta Espainiaren boterea".
"Gurea Euskadi eta autogobernua da", kontrajarri du Ortuzarrek.
Igandera arte "dena emateko" eskatu dio EAJko presidenteak militantziari, "inkestengatik lasaitu gabe". Azken legealdian, Kongresuan bost eserleku lortu zituzten jeltzaleek, "seigarrenaren bila" doazela esan du Ortuzarrek.