Hauteskunde Orokorrak -

Kanpainaren itxiera

Mendiak PSOEren aldeko 'boto masiboa' eskatu du, eskuina geldiarazteko

PSE-EEko buruzagiak azpimarratu du egoera "larria" dela eta abstentzioak eskuinari mesede egingo diola ohartarazi die herritarrei.

Patxi Lopez, Idoia Mendia, Isabel Celaa eta Odon Elorza, kanpaina amaierako ekitaldian. EiTB
Patxi Lopez, Idoia Mendia, Isabel Celaa eta Odon Elorza, kanpaina amaierako ekitaldian.
PSEk Gasteizen egin du hauteskunde kanpainaren itxiera ekitaldia

0:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Alderdi Sozialistaren aldeko "boto masiboa" eskatu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, "eskuina geldiarazi eta historia egiteko".

Euskadiko Alderdi Sozialistak Gasteizen egin du kanpainaren itxierako ekitaldia, eta han izan dira Idoia Mendia buruzagia eta Isabel Celaa, Patxi Lopez eta Odon Elorza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendaburuak, hurrenez hurren.

Kanpaina honetan denetarik ikusi ahal izan dela deitoratu du Mendiak: "militarrez eta toreatzailez osatutako hautagaitzak, alderdiz aldatzen diren politikariak eta ministerioak banatzen hasi eta elkarri egurra ematen amaitu duten eskuinak".

Hala ere, eskuineko alderdiekin ez fidatzeko eskatu du Mendiak: "Kontuz igandearekin, baturak emanez gero, gobernatu egingo dute".

PSE-EEko buruzagiaren iritzian, Euskadik "historia" egiteko aukera izango du apirilaren 28ko hauteskundeetan, eta bi aukera baino ez direla izango erantsi du: "askatasunetan atzera egitea edo gobernu egonkor eta fidagarri bat eratzea, erronkei gehiengo indartsu batekin aurre egin ahal izateko".  

Halaber, azken hamar hilabeteotan Pedro Sanchezen Gobernua "Euskadiren aliatua" izan dela azpimarratu du, baina eskuineko alderdiek boterea lortuz gero, "lurraldeen arteko talka, gezurrak eta irainak" izango direla ohartarazi du.

"Inoiz amore eman ez duten herritarrei esan nahi diet, irainen aurrean makurtuko ez den presidentea nahi badute, zalantzarako aukerarik ez dagoela: ukabila eta arrosarena da boto-paper baliogarri bakarra", nabarmendu du.

"Etxean geratzen den botoak eta sakabanatzen denak eskuinari egingo dio mesede. Pedro Sanchez presidente izateko modu bakarra hautestontzia boto-paper sozialistaz betetzea da", gaineratu du.

Patxi Lopezek, berriz, egoera "larria" dela eta apirilaren 28koak ez-ohiko hauteskundeak direla nabarmendu, "Pablo Casadok gaur esan baitu ez zaiola inportako Vox bere gobernuan sartzea".

"Haientzat demokraziaren 40 urteei amaiera emateko une iritsi da, baina denok Isabel Celaa bozkatuz gero, Javier Maroto etxera joango da", ziurtatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Hauteskunde orokorrak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak