Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren itxiera
'Milioi bat boto' eta 15 diputatu bildu behar dituztela esan du Otegik
"Herrialde ezberdinetan agintzeko hauteskunde kanpainetara aurkezteko beharrik ez duen jendea dago, baita gurean ere", salatu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Ezker soberanisten aliantzak igandean "milioi bat boto", horietatik "200.000 Euskal Herrian", eta Kongresuan "gutxienez 15 diputatu" lortu behar dituela adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Madrilera "olatu errepublikarra, feminista eta independentista" eramateko. "Erabakigarriak izango gara", ziurtatu du.
Koalizioak kanpaina ixteko ekitaldia Errenterian (Gipuzkoa) egin du. Julen Mendoza bertako alkateak, Bel Pozueta Kongresurako EH Bilduren Nafarroako zerrendaburuak, Mertxe Aizpuruak (Gipuzkoa), Oskar Matutek (Bizkaia), Iñaki Ruiz de Pinedok (Araba) eta Jon Iñarritu senatari eta Kongresurako hautagaiak ere hitza hartu dute. "Herrialde ezberdinetan agintzeko hauteskunde kanpainetara aurkezteko beharrik ez duen jendea dago, baita gurean ere", salatu du Otegik.
Zentzu horretan, hiru lurralde historikoetan "politika fiskala ez da Legebiltzarrean eztabaidatu, ezta onartu ere; Iberdrolak onartu baitu, sozietate-zerga areagotzen baldin zioten egoitza soziala eramateko mehatxua egin zuelako", gogorarazi du buruzagi abertzaleak.
Gainera, EH Bilduko koordinatzailea umoreaz baliatu da hauteskundeetara aurkeztu diren indar politikoak "klasifikatzeko", baina "siglarik erabili gabe".
Otegiren ahotan, "Nikolas Makiaveloren jarraitzaile asko daude, 'sinesten dudana ez dut esaten, esaten dudana ez dut sinesten, eta noizbait egiaren bat ihes egiten bazait, hainbat gezurretan nahasirik egongo da, eta ez zarete aurkitzeko kapaz izango' zioenean". "Hori da kanpaina honetan lagun dugun blokeetako bat", esan du.
Buruzagi abertzalearen hitzetan, "beste bloke bat dago, marxistena, baina Groucho Marxenak, 'batzuek politika arazoak bilatzera joan, topatu, okerreko diagnostiko bat egin eta terapia okerrak planteatzea bezala ulertzen dute' zioenean". "Azkenik, zakarkeria eta joko zelaia lokaztea santu-zeinu bezala izan dituen kanpainan, oraindik Pitagoras irakurri ez dutenak daude, duela denbora asko esan zuenean: 'isilik egon beharko liratekeen gizonak daude, nahiz eta jendeak ergelak direla pentsatu, hitz egin eta baieztatu beharrean'".
"Kanpainako blokeak dira guztiak, are gehiago, esfortzu handiagoa egin duen bat ere badago, eta bloke guztietan dagoena", adierazi du Otegik. "Planetan, Europan eta Espainiako Estatuan inposatzen ari den autoritarismoen olatuaz" ohartarazi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, "ezkerraren betebehar moral eta etikoa jendeari egia esatea delako". "Egoera kezkagarria eta larria da", nabarmendu du.