AEB-ko Hauteskundeak -
Bigarren agintaldia
'Askatasunaren eta berdintasunaren alde' aritzeko eskatu du Obamak
Diplomaziaren alde egin du Barack Obama presidenteak, inbestidura hitzaldian. Karguaren zina jendaurrean egin du, bi inbestiduratan laugarrenez.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak karguaren jendaurreko zina eta bigarren agintaldia abiatzeko inbestidura hitzaldia egin ditu astelehen honetan, Washingtonen, Kapitolioaren parean. Hitzaldian, askatasunaren eta berdintasunaren alde eginiko hautua berretsi du.
''Segurtasun eta bake iraunkorrak izateko, ez da gerra iraunkorrik behar'', esan du Barack Obama presidenteak, 20 minutuko hitzaldi batean. Bertan, diplomaziaren eta aniztasunaren alde egin du, eta askatasuna eta berdintasun defendatu ditu. Halaber, etorkinei ongietorria eman die, eta hainbat gai lantzeke dituela gogoratu du: armen kontrola, homosexualen ezkontzak eta aldaketa klimatikoa.
Beste herrialde batzuekiko arazoak ''modu baketsuan'' konpontzeko ''ausardia'' agindu du Obamak. Haren ustez, nazioarteko harremanetan, eraginkorragoa da konpromisoa ''susmoak eta beldurrak'' baino, eta, egun, bakeak tolerantzian, justizian eta giza duintasunean ''etengabe'' aurrera egitea eskatzen du. ''Segurtasun eta bake iraunkorrak izateko, ez da gerra iraunkorrik behar'', gaineratu du.
Immigrazioa, homosexualen arteko ezkontzak, armak eta aldaketa klimatikoa, jorratzeke
AEBetara aukera bila joaten diren etorkinei ''ongietorria'' eman behar zaiela esan du Obamak, eta hori oraindik jorratzeke duen gaia dela aitortu du. Homosexualen arteko ezkontza, armen kontrola eta ''aldaketa klimatikoaren mehatxua'' ere aipatu ditu presidenteak.
Klase ertainaren defentsa
Obamaren hitzetan, AEBek ezin dute arrakasta lortu, ''talde txiki bati bakarrik ondo doakionean baina gainerakoek aurrera egitea ia lortu ezin dutenean''. ''Gure ustez AEBetako oparotasunak hazi egiten den klase ertain baten sorbalda zabaletan egon behar du oinarrituta'', esan du.
Juramentua, Abraham Lincoln eta Martín Lither King Jr-ren bibliekin
John Roberts Amerikako Estatu Batuetako Auzitegi Goreneko presidentea izan da Obamari juramentua hartu diona. Horretarako, presidenteak Bibliaren bi eredu erabili ditu: batetik, Abraham Lincolnek orain dela 150 urte erabili zuen bat, eta, bestetik, Martín Luther King Jr aktibista afroamerikarrarena izan zen beste bat.
"Amerikako Estatu Batuetako presidentearen karguak dituen funtzioak beteko ditudala, eta Estatu Batuetako Konstituzioa mantendu, babestu eta defendituko dudala zin egiten dut", adierazi du Obamak.
Presidenteak bere izen osoa erabili du, -Barack Hussein Obama-, eta "Estatu Batuak" hitza esaterakoan mihiztatu egin da. "Jainkoak lagundu nazala", esan du ekitaldiaren amaieran.
Bi legegintzalditan Obamak egin duen laugarren zina
Ez zen Obamak Robertsen aurrean egiten zuen lehen zina, 2009. urtean ere epailearen aurrean zin egin baitzuen. Urte horretan, akats baten ondorioz, Robertsek testuaren ordena aldatu zuen, eta horrek Obamak zina txarto errepikatzea eragin zuen. Dena den, eta arazorik ez izateko, Obamak beste ekitaldi pribatu bat antolatu zuen hurrengo egunetan Etxe Zurian.
Aukera honetan ere birritan zin egin du, ofizialki, bere bigarren legegintzaldia urtarrilaren 20ko eguerdian hasi baitzen. Hori dela eta, egun horretan zeremonia pribatu bat antolatu zuen Etxe Zurian.
Gauzak horrela, bi legegintzalditan Obamak egin duen laugarren zina izan da astelehen honetakoa
Irekitze otoia, lehen aldiz emakume batek.
Myrlie Evers-Williams, orain dela mende erdi eskubide zibilak defendatzeagatik erail zuten gizon baten alarguna, izan da Estatu Batuetako presidente baten inbestidura ekitaldi batean irekitze otoia eman duen lehen emakumea.
800.000 bat pertsona bildu dira bertan, 2009an bildutako 1,8 milioi lagunen aldean.