AEB-ko Hauteskundeak -
PROFILA
Nor da Julian Castro?
37 urte ditu, San Antonioko (Texas) alkatea da eta “Obama latinoaren” ezizena jarri diote. Julian Castro demokraten batzarraren ongietorri hitzaldia egiteko ardura izan duen lehen hispanoa da.
Erredakzioa
37 urte ditu, San Antonioko (Texas) alkatea da, eta demokraten biltzarraren lehenengo eguneko hitzaldia emateko ardura izan duen lehen hispanoa da. Barack Obama presidentearen bizitzaren eta Castroren bizitzaren arteko parekotasunak direla eta, "Obama latinoaren" ezizena ipini diote.
Obamarekin, besteak beste, gaztetasuna, mugak gainditu dituenaren istorioa, ezkongabe baten semea izatea eta gutxiengo baten parte izatea partekatzen ditu Julian Castrok. Gainera, Batzarrean, toki sinbolikoa bete du Castrok: alkateak emandako hitzaldia duela zortzi urte Barack Obama izeneko Illinoiseko politikari anonimoak egindako hitzaldiaren maila berberean kokatu dute.
2009an, Los Angeleseko inoizko alkate gazteena izendatu zuten (herrialdeko zazpi hiri handienen artean dago). Horrez gain, 2010ean Time aldizkariak 40 urte baino gutxiago dituzten AEBetako politikari garrantzitsuenen zerrendan gehitu zuen.
Julián Castro katolikoa da, baina San Antonioko gayen martxaren eta aborturako eskubidearen alde egin du. Demokraten batzarrean egindako hitzaldian, aurreko astean Romneyk abortuaren inguruan, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren inguruan edota osasun-erreformaren inguruan babestutako politikak kritikatu ditu Castrok. "Emakumeen eskubideak errespetatzeari dagokionez", "pertsonek maite duten pertsonekin ezkontzeari dagokionez", edo "herritarrentzat osasun zerbitzua zabaltzeari dagokionez" Romneyren erantzuna "ezezkoa" dela adierazi du Castrok.
Castroren amak, Rosie Castrok, urtean 19.000 dolarreko soldatarekin seme bikiak Stanford eta Harvardeko unibertsitatetan ikasketak gauzatzea lortu zuen. Julianen anaiak, Joaquinek, Texaseko Ordezkarien Ganberan lan egiten du. Aukera horiengatik, estatubatuarrek berak eta anaiak izandako aukera berak izatea nahi du Castrok. Rosie Castro La Raza Unida mugimenduaren aktibista ezaguna izan zen 60ko eta 70ko hamarkadetan. Mexikarrek AEBetan jasaten zuten diskriminazioari aurre egiteko borrokatzen zen mugimendua.
Jendearekin, batez ere gazteriarekin, erlazionatzeko duen erraztasunagatik da ezaguna Castro. Horretarako Twitter, Facebook edota webgune pertsonala erabiltzen ditu.
Julian Castrok panorama politikoan bizi duen igoera "amets amerikarraren" adibidea da.