AEB-ko Hauteskundeak -
Kanpainaren amaiera
Obama eta Romney, Etxe Zurirako lasterketaren azken txanpan
Kanpainak 6.000 milioi dolarreko kostua izan du. Obama presidente izan daiteke, botu gutxiago eskuratu arren. 2.000 urtean Bushek lortu zuen presidentetza, Al Gorek portzentaia handiagoa bazuen ere.
Erredakzioa
Barack Obama hautagai demokratak eta Mitt Romney errepublikanoak amaiera emango diote gaur AEBetako hauteskundeetako kanpainari. Estatubatuarrek bihar izango dute zita hauteslekuetan, baina, Euskadin, emaitzak asteazken goizean ezagutuko ditugu.
Gaur, bi hautagaiak giltzarri izango diren estatuetan izango dira, botoa nori eman erabaki ez dutenen babesa lortzeko. Hori horrela, Wisconsinen, Iowan, Floridan, Virginian eta Ohion izango dira.
Kanpaina hauteskunde eztabaidek eta 'Sandy' ekaitzak baldintzatu dute. Azken horren ondorioz, Obamak aurrea hartu dio Romneyri inkestetan, baina oso alde txikiaz.
Pew ikerketa zentro ospetsuaren azken inkestaren arabera, demokratak botoen % 48 lortuko ditu, eta errepublikanoak. % 45.
Zentroaren ustez, Obamak etekina aterako dio 'Sandy' ekaitzari, krisia ondo kudeatu duela uste baitute herritarrek.
Asteburu honetan, garaipena Obamari eman dioten beste hainbat inkesta publikatu dituzte, hala nola Reuters/Ipsosena (Obamak % 49; Romneyk % 47) eta NBCk eta Wall Street Journal-ek batera egindakoa (Obamak % 48; Romneyk % 47). Beste hainbatek, baina, berdinketa teknikoa erakusten dute, CNNrena (% 49na) eta Washington Post-ena (% 48na), kasu.
Gakoa 'estatu giltzarrietan' egongo da, kolore zehatza ez dutenetan eta hauteskunde batzuetan demokraten eta besteetan errepublikanoen alde egiten dutenetan. Horien artean Florida, Pennsylvania, Ohio, Michigan, Ipar Carolina, Virginia, Wisconsin, Colorado, Iowa, Nevada eta New Hampshire daude.
Obama, boto gutxiagorekin presidente?
Inkestak estu daudela ikusita, adituek ez dute baztertzen Obama izendatzea berriz presidente, baina Romney izatea bozkatuena.
Nola da posible? Jesus Torquemada EITBren nazioarteko gaietarako adituaren hitzetan, "irabazlea ez da herrialde osoan boto gehien jasotzen dituena, baizik eta Hautesleen Biltzarrean ordezkari gehien lortzen dituena. Kaliforniari 55 ordezkari dagozkio Biltzarrean, Texasi 38, New Yorki 29, Floridari 29 eta abar. Biztanle kopuruaren arabera egiten da ordezkari banaketa, eta Estatu batean irabazten duenak (aldea boto bakar batekoa edo milioi batekoa izan edo izan) Estatu horretako ordezkari guztiak bereganatzen ditu". [Informazio gehiago: AEBetako hauteskunde sistema]
Adituaren esanetan, "oro har, AEBetako presidentea herrialde osoan boto gehien lortzen dituena izan ohi da, baina historian lau aldiz, bi hautagai nagusien artean boto gutxien lortu dituena izan da".
Azkena 2000. urtean jazo zen. Urte horretan, George W. Bush errepublikanoa bihurtu zen presidente, Al Gore demokratak baino milioi erdi boto gutxiago lortu bazituen ere.
1825. urtean, John Quincy Adamsek eta Andrew Jacksonek ordezkari kopuru berbera lortu zuten Hautesleen Biltzarrean, eta, azkenean, Ordezkarien Ganberak Adams hautatu zuen presidente, Jacksonek boto gehiago izan zituen arren.
1876. urtean, Rutherford B. Hayesek estatu txiki gehienen babesa lortu zuen, eta presidente izendatu zuten, Samuel J. Tildenek herrialde osoan 264.000 boto gehiago lortuta.
1888. urtean, Benjamin Harrison izan zen presidentea, baina bozkatuena Grover Cleveland izan zen.
Historiako kanpainarik garestiena
AEBetako hauteskundeetarako kanpainak 6.000 milioi dolarreko (4.700 milioi euro) kostua izan du, eta estatuko historiako garestiena izan da. Barack Obamak (berak bildu du gehien) eta Mitt Rommey haren arerio errepublikanoak errepublikanoek eta demokratek 2004ko hauteskundeetarako batera jasotako ia kopuru bera (2.700 milioi dolar) jaso dituzte.
Erabaki judiziala aplikatu ahal izan zen lehenengo kanpainak (2010eko Parlamentuaren berriketa) 3.000 milioi dolar balio izan zituen.
Ikerketa baten arabera, hautagaiek orain kanpainako denbora asko boto-emaileak konbentzitzera zuzentzen dute, baina baita funtsak biltzera ere estatu giltzarrietan, publizitate politikoaren kanpainaren bitartez balantzak euren alde eginarazteko.
EITB.COM-EN JARRAIPEN BEREZIA
Hauteskundeak bihar izango badira ere, emaitzak asteazken goizean ezagutuko ditugu Euskal Herrian. eitb.com-ek jarraipen berezia egingo du egun horretan.
Lantaldea asteazkeneko 04:00etan hasiko da zuzeneko kontakizuna egiten. Ordu horretan, oraindik ere hauteslekuak zabalik egongo dira gutxienez bederatzi estatutan, eta lehen datu ofizialak eman gabe izango dira.
Halaber, eitb.com-ek zuzenean eskainiko ditu, streaming bidez, emaitzak ezagutu eta gero bi hautagaiek egingo dituzten agerraldiak.
Egun osoan, gainera, kronikak, adituen iruzkinak, erreakzioak, grafikoak, argazkiak, bideoak eta bitxikeriak aurkituko dituzu gure webgunean.