Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
Irailaren 27ko hauteskundeak
Ondoeza PPn, Aznarrek Rajoyri kritika gogorrak egin ostean
Alderdi Popularraren ohorezko presidentearen aburuz, Kataluniako hauteskundeek "egoera txarrenean utzi dute" alderdia, sezesionismoak irabazi duelako.
Agentziak | Erredakzioa
Behar ez den unean, behar ez dena esaten. Hala ibiltzea egotzi diote alderdiko zenbaitek (ez ahoz gora) Maria Aznar Espainiako gobernuburu ohi eta PPren ohorezko presidenteari. Mariano Rajoy eta haren estrategia jomugan jarri zituen atzo, Kataluniako hauteskundeen biharamunean. Ohar bidez, FAES Fundazioaren izenean esan zituen atzo esan beharrekoak Aznarrek.
Oharrean adierazi zuenez, Kataluniako emaitzek "egoera txarrenean utzi dute" alderdia, eta, hortaz, "batzuek serio aztertu beharko dute zergatik ez duten indar konstituzionalisten gehiengoa ordezkatzen asmatu". PPk 11 eserleku eskuratu ditu, 2012ko hauteskundeetan baino zortzi gutxiago.
"Zure ezkerreko etsaiak indarra hartu du; zure espazioa, txikituta. Izan ere, sezesionistek euren bideari eutsiko diote. Ataka larrian zaude", nabarmendu du.
Aznarren ustean, igandekoa "PPren boto-emaileek alderdiari eman dioten bosgarren abisua da". Horren hitzetan, "Europako hauteskundeetan PPko boto-emaileek abisua eman zioten alderdiari, oso abisu serioa; bigarrena udal eta foru hauteskundeetan izan zen; beste bat, autonomikoetan; laugarrena, Andaluziakoetan, eta azkena, Kataluniako hauteskundeetan".
PP, minduta
Esandakoengatik ez ezik, adierazpenak plazaratzeko aukeratutako uneagatik ere izan da Aznarren 'bonba' mingarria, PPko kide batzuek . Rajoyk eguerdian egina zuen emaitzak baloratzeko agerraldia, eta Alderdi Popularraren Batzorde Exekutiboaren bilera egin baino ordu eta erdi lehenago heldu zen oharra. Hautsak harrotu zituen, inondik inora. Gaia ez zuten batzarrean aipatu, baina buruzagien artean, korridoreetan, ez zen beste konturik. Publikoki adierazpenak egin zituenik ere izan zen.
Xavier Garcia Albiol Generalitaterako PPren hautagaiak ez zuen autokritika arrastorik erakutsi goizean emandako prentsaurrekoan. Arratsaldean, Aznarren oharra irakurrita, "errespetua" eskatu zuen PPk Katalunian egindako lanarentzat. Horren esanetan, "oso baldintza zail eta gogorretan egiten dugu lan".
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak, bestalde, garrantzia kendu zien Aznarren kritikei, eta ohorezko presidenteak, beste edozein militantek moduan, bere iritzia adierazteko eskubidea duela esan zuen. "Emaitza hobeak nahi genituen, kontrakoa esatea gezurra esatea da, baina independentziaren aldekoen emaitzak (txarrak) Kataluniarentzat eta Espainiarentzat onak dira, eta horregatik bakarrik, PP pozik dago", agertu zuen. Halere, emaitzok ezin dira Estatuko hauteskunde orokorretara estrapolatu, horren ustez.
Harago jo zuen Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidenteak. Horren aburuz, "ez da bidezkoa" Kataluniako emaitzak Espainiako gobernuburuari egoztea.