15:52

Udal eta Foru Hauteskundeak

EAJ

Araba geldirik edukitzea egotzi dio EAJk PPri

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, lurraldeak elkarren aurka jarri nahi izatea aurpegiratu die Andoni Ortuzar buruzagi jeltzaleak 'popularrei'.

0:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Arabako Alderdi Popularraren "desgobernua" salatu du eta lurraldea geldirik edukitzea leporatu die popularrei. Gainera, euskal lurraldeen artean "sua piztea" aurpegiratu dio PPri.

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeei begira, Arabar Errioxako udalerritako 14 alkategaiak aurkeztu ditu gaur EAJk Lapuebla de Labarcan. 500 lagun inguru bertaratu dira ekitaldira, eta bertan buruzagi jeltzaleak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusirako EAJren hautagaiak hartu dute hitza.

Bere hitzaldian, Ortuzarrek defendatu du EAJ dela alternatiba bakarra Arabako PPren "desgobernuaren" aurrean. Ildo horretan, "ahalegina, lana eta ardura" eskatu dizkie Arabar Errioxako hautagaiei eta afiliatuei lurraldeak "behar duen aldaketaren alde lan egiteko".

"Ez Arabak eta ezta Arabar Errioxak ere ez dute merezi daukaten gobernua", adierazi du. Maiatzaren 25etik aurrera lurraldea "berriz ere martxan" jartzeko eta Alderdi Popularraren "desgobernuarekin" amaitzeko beharra azpimarratu du.

EBBren presidenteak gogoratu du enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea direla EAJren lehentasunak; izan ere, "Arabak ezin du datozen aurrerapenetatik aparte gelditu".

Ortuzarren esanetan, "astakeria" bat da Alderdi Popularrak lurraldeen artean "sua piztea"; izan ere, "batuta baldin bagaude bakarrik izango dugu etorkizuna". "PPk ez du ideologiagatik egiten hori; izan ere, hemendik bi hilabetera Araba Euskarazen ikusiko dituzue popularrak", gaineratu du.

Buruzagi jeltzaleak lurraldeen artean "sua piztea" egotzi die popularrei, Arabarentzat hizkuntza eskumena eskatzeagatik. Popularren arabera, nazionalistek euskara inposatzen diete arabarrei. Ortuzarren iritziz, Ciudadanosen beldur dira popularrak eta horregatik hartu dute jarrera hori, "eskuina batzeko".

Bestalde, Ramiro Gonzalez EAJren Arabako ahaldungaiaren esanetan, Araba gidatzeko eta azken urteotako lozorrotik ateratzeko prest dago EAJ. Halaber, PPren kudeaketak eragindako "paralisiarekin" amaitzeko prest agertu da.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena