Udal eta Foru Hauteskundeak -
EAJ
Atzerriko enpresak Bizkaira erakartzeko plana iragarri du Rementeriak
Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJren hautagaiak azpimarratu du enplegua dela 'guztiaren giltza'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJren hautagaiak iragarri du atzerriko enpresak Bizkaira erakartzeko egitasmoa abian jarriko duela baldin eta maiatzaren 24ko hauteskundeak irabazten baditu.
EAJk ekitaldi politikoa egin du Arrigorriagan Padura eskualdeko hautagaiak aurkezteko. Rementeriarekin batera, Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea eta Asier Albizua Arrigorriagako egungo alkate eta hurrengo hauteskundeetarako EAJren alkategaia egon dira bertan.
Horren esanetan, EAJ da "geldialdi egoera honetatik ateratzeko berme bakarra". "Ez da esperimentuak egiteko garaia", erantsi du Rementeriak; izan ere, "errekuperazioa dago jokoan".
"Gestampek lantegi berri bat ireki du Bizkaian, ThyssenKrupp multinazionalak ikerketa eta garapen zentro bat eraikiko du Zamudion, eta Alstom enpresa, berriz, hasia da Ortuellako lantegi berria eraikitzen. Proiektu horiek industria eta lanpostuak bultzatzen dituzte", azaldu du. "Horrela eraikitzen du Bizkaia EAJk", gaineratu du.
Hurrengo lau urteetan atzerriko enpresak Bizkaira erakartzeko martxan jarri nahi duen plana azaldu du Rementeriak. "Plan horren helburuak industria jarduera eta enplegua erakartzea dira", adierazi du.
Halaber, datozen lau urteetan 10.000 lanpostu sortzeko konpromisoa berretsi du, bereziki, gehien behar dutenentzat: 45 urtetik gorakoak, gazteak eta epe luzeko langabeak.