Udal eta Foru Hauteskundeak -
Kanpainaren bigarren eguna
Araiz: 'Aldaketaren gobernua akordio irmoetan oinarritu behar da'
UPNk esan du lehentasunetako bat "ikasleentzako laguntzak % 50 handitzea" dela. Geroa Baik "Nafarroan aldaketaren eragile" izatea eskatu dio gazteriari. PSNk "aldaketaren" aldeko apustua egin du.
Agentziak
Adolfo Araiz Nafarroako Presidentetzarako EH Bilduren hautagaiak adierazi duenez, "aldaketaren gobernua itun irmoetan oinarritu behar da, alderdien kuotetatik kanpo, pertsonalismorik gabe, erantzukizunez eta konpromisoarekin".
Horixe izan da Araizek EH Bilduren Nafarroako ekitaldi nagusian botatako mezuetako bat, Iruñeako Anaitasuna pabiloian. Gainera, Garazi Labiano Foru Parlamenturako zerrendako kidea eta Joseba Asiron Iruñeako alkategaia ere izan dira, besteak beste.
Adolfo Araizek hitza hartu baino lehen, parte-hartzaileek mosaiko handia osatu dute kartoiekin eta, bertan, 'Agur UPN' irakur zitekeen. Ondoren, hautagaiak, 'Adolfo lehendakari' oihuen artean "Nafarroan aldaketa inoiz baino errealagoa" dela adierazi du.
UPN
Javier Esparza Nafarroako presidente izateko UPNren hautagai nagusiaren esanetan, datorren foru eta udal hauteskundeei begira duen konpromisoetako bat izango da "ikasleei zuzenduta laguntzak % 50 handitzea".
Esparzaren iritzian, neurria "erabakigarria izango da Nafarroarentzat, aukera berdintasuna izan dadin, gure gazteek, nahi izanez gero, ikerketak egin eta gaitasunak gara ditzaten".
Hala adierazi du UPNren hautagaiak Europaren Eguna ospatzeko egindako ekitaldian. Horretarako, Esparzak eta UPNren beste hautagai batzuek, Espainiako eta Europako hainbat herrialdeetako ikasle batzuekin batera, ibilbide bat egin dute txirrindulaz, Nafarroako Unibertsitatetik Nafarroako Unibertsitate Publikora, "UPNk unibertsitateari ematen dion garrantzia azpimarratzeko" helburuarekin.
Geroa Bai
Uxue Barkos Geroa Bairen hautagai nagusiak -Nafarroako presidente izateko- dei egin dio gazteria nafarrari "maiatzaren 24ean eragile" izateko, "potentzia guztiarekin, amorruarekin eta izaera eraikitzailearekin, Nafarroan aldaketa" eragiteko.
Hala adierazi du Barkosek Geroa Baik Iruñean egindako ekitaldi politiko batean. Hautagaiak bertan esan duenez, "ezin liteke gazteria mintzagai baino ez izatea jarduera politikoan", baizik eta "subjektu politiko izan behar du". Gainera, Barkosen esanetan, "gazteria izango da beldurraren politikak inposatzen jarraitu nahi dutenei aurre egingo diena".
"Uste dugu gazteen presentzia eta ikuspegia, ez bakarrak gazteriaren beraren arazoak konpontzeko, baizik eta gauzak bestera egiteko apustuan eta proposamenean, ezinbestekoa da", esan du. Era berean, "gazteriaren zuzeneko parte hartzea, amorruak bultzatuta, baina ilusioak ere bai" eskatu du.
PSN
Maria Chivite Foru Gobernurako PSNren hautagai nagusiaren esanetan, sozialista nafarrek "Nafarroan aldaketa izan eta Nafarroak bere izaerari eustearen" alde egiten dute; hori dela eta, "mugak ondo markatuta daude eta ez dugu EH Bildu Gobernuaren Presidentetzan ipiniko".
Chivitek mitin arina egin du Nafarroako hiriburuko Sarasate pasealekuan, hauteskunde-kanpainaren bigarren egunean, eta, bertan, nabarmendu egin du sozialista nafarrak saiatuko direla "akordioak lortzen, oinarrizko itunak, hiritarrak kezkatzen dituzten gaien inguruan".
"Akordioak oinarrizkoak dira Nafarroa aurrerakoi batean, Nafarroak aurrera egin dezan eta oparoago izan dadin; hori dela eta, sozialistak akordioetara, oinarrizko itunetara heltzen saiatuko gara, pertsonen kezken inguruan". Hautagaiak "itunen balioa" goraipatu du "gizartean erabilgarriak" izateko.
PPN
Ana Beltran Nafarroako Presidentetzarako PPNren hautagaiak iragarri duenez, "Foru Gobernuko departamentuak murrizteko" asmoa du, presidente baldin bada, "modu eraginkorragoan eta zorrotzagoan berregituratuta".
Bestalde, Esteban Gonzalez Pons Euroako Parlamentuan PPren bozeramale eta Berako hautagaiak dolumina adierazi die hegazkin militarrak Sevillan izan duen istripuan hildakoen familiei, hauteskunde-kanpaina bertan behera utzi eta gero.
Halaxe esan du Beran, Pablo Zalba Iruñeako alkategaiarekin, Rosa Estaras Balearretako diputatuarekin eta Nerea Valez bertoko hautagaiarekin batera. Ekitaldia egin behar zuten PPNkoek, baina hegazkin-istripua dela eta, bertan behera utzi dute.
Hauteskunde kanpaina, bigarren eguna iruditan: