Udal eta Foru Hauteskundeak -

Kanpainaren bigarren eguna

'EAJk akordioa eskaintzen du, Getxotik Gasteizera', esan du Urkulluk

EH Bilduk esan du Kutxabank publikoa eta soziala izan behar dela, eredu ekonomikoa aldatzeko. PSEk "udalerrien gerriko gorria" eratzea eskatu du. PPk esan du Bilduk egindakoa "ordaindu" behar duela.

Jeltzaleek Getxo herri bizkaitarrean egindako ekitaldia. Irudia: EAJ-PNV
Jeltzaleek Getxo herri bizkaitarrean egindako ekitaldia. Irudia: EAJ-PNV
Jeltzaleek Getxo herri bizkaitarrean egindako ekitaldia. Irudia: EAJ-PNV

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, EAJ alderdiak akordioa eskaintzen die herritarrei "Getxotik Gasteizera". "Akordioak lortzeko ahaleginik handiena egiteko konpromisoa hartu dugu, ekonomia suspertu eta enplegua sortzea ahalbidetu dizkiguten akordioak; euskal industriak berri onak ekarri dizkigutenak, Osasunean, Hezkuntzan eta Babes sozialean, pertsona ororentzat, zerbitzuak bermatzea utzi dizkigutenak, eta autogobernuan eta nazio gisa haztea ahalbidetuko gaituztenak", gaineratu du.

Getxon egindako hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean, Jaurlaritzako ordezkari nagusiak adierazi du, jeltzaleen ustean, "politika elkarrizketa, akordioa, susperraldia eta enplegua" dela. "Horrela, ulergarria da EAJren politika, konpromisoa hartzera bultzatzen gaituena, bai herrietan, bai lurraldeetan eta baita gure nazioan ere, Euskadin", erantsi duenez.

Horren ildotik, Urkulluk ziurtatu egin du badakitela "zein den tokiko eta lurraldeko ekintzaren balioa eta, batasunetik eta elkarlanetik, elkarrekin egindako ekintzaren balioa". "Badakigu zeintzuk diren Euskadiren udalerri eta lurraldeen erronkak eta aukerak. Konpromiso kolektiboa eskaintzen dugu: enplegua sortzeko laguntza, pertsonak ardatz izango dituen garapen soziala, gardentasuna, parte-hartzea eta konpromiso etikoa, kudeaketa eraginkorra".

Horretarako, "gaitasuna duten pertsonak, esperientziarekin eta arduratsuak" eskaintzen dituzte. "Euskadik gobernu eraikitzailea lehenetsiko du, oposizio suntsitzailearen aurretik, zorroztasuna kontrol ezaren aurretik, akordioa gatazkaren aurretik, batasuna eta akordioa".

EH Bildu

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako alkategaiak Kutxabank "publikoa eta soziala" izan behar dela adierazi du, "miseria" sortzen eta "bizitzak suntsitzen" dituen egungo eredu ekonomikoari "buelta emateko". Gainera, Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko koalizioaren hautagaiak 1.000 milioi euroko funtsa eratzea proposatu du, enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko helburuarekin.

Donostian egindako ekitaldi batean, Izagirren adierazi du hiriburu gipuzkoarrak eta donostiarrek "Kutxabank publikoa eta soziala" izatea behar dutela, "hiriak dituen beharrei erantzuteko maila emango duen tresnak" behar direlako, "edonolako tresnak, baita finantzarioak ere".

Donostiako alkatearen ustean, beharrezkoa da "politika sozialak egitea, pertsonen alde, hainbeste miseria sortzen eta bizitzak suntsitzen dituen egungo eredu ekonomikoari buelta emateko; kulturaren aldeko apustu estrategikoa babesteko eta pertsona guztientzat etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko".

"Hori guztia egiteko berezko baliabide finantzarioak behar ditugu eta, aurrena, publikoak izan behar dira, sortu zirenetik halakoak izan direlako, Donostiako Udala Kutxako sortzaileetako bai izan zelako eta horrek esan nahi duelako Udalak ordezkatzen dituen 186.000 lagunek badute zer esan Kutxabanken. Kontrol publikoa beharrezkoa da donostiarren interesak defendatu ahal izateko", ziurtatu du.

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak "PSE-EEren udalen gerriko gorria" eratzea eskatu du,  "EAJ ezgai, galdu eta trakets" baten aurrean, Euskadi krisialditik ateratzeko. Gainera, EAJk baliabide publikoak "adiskidekeriaz" kudeatzeari eta "batzokiaren kontu korrontea balitz bezala" xahutzeari utz diezaiola eskatu du.

Ermuan, Carlos Totorika Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagai nagusiarekin batera egindako ekitaldi batean, Mendiak adierazi du maiatzaren 24an "alkate sozialista eta Udal progresista gehiago" izan behar direla, herritarrei "enplegua bilatzen, ekonomia suspertzen, egoera kaskarrean daudenak hobera egiten eta egoera zailean daudenei oinarrizko zerbitzuak ahalbidetzen" lagun diezaieten.

"Garrantzitsua da udal sozialisten gerriko gorria egitea, EAJren ordez, noraezean baitabil eta ez du gaitasunak krisiaren kontrako borrokan, agintean egoteko bestelako modu bat dagoelako, sozialistok egiten duguna erakundeetan gaudenean, kalean buru eta belarri sartuta, herritarren arazoak sentituz", gaineratu du.

PP

Arantza Quiroga Euskadiko PPren buruaren arabera, maiatzaren 24ko hauteskundeetan ez zaio soilik EH Bilduri egindakoagatik "ordainarazi" behar, baizik eta "bidezkoa litzateke" EAJk ere ordaintzea "beste alde batera begiratu" eta koalizioa agintean egotea ahalbidetzeagatik.

Quirogak Donostiako Kursaaleko terrazetan egindako ekitaldi baten hasierako hitzaldia egin du, Juan Carlos Cano eta Miren Albistur Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Donostiako Alkatetzarako, hurrenez hurren, hautagaiekin batera. Borja Semper Gipuzkoako PPren presidentea ere bertan egon da.

Quirogaren hitzetan, nahiz eta hiritarrak ez dauden "pozik" bere alderdiak egindako hainbat gauzekin, "ez da haserrealdia adierazteko unea, are gutxiago Euskadin, Gipuzkoan eta Donostian", herritarrak "asko baitute jokoan" eta bere alderdia "etxerakolanak eginda, bai udaletan baita diputazioetan ere", aurkeztu da.

Ahal Dugu

Ahal Duguko ordezkariek baieztatu egin dute gaur, larunbata, Euskal Autonomia Erkidegoan "aldaketa" hasiko dela maiatzaren 24ko hauteskundeetan. Horren ildotik, herritarren botoa eskatu dute, Bizkaiko Batzar Nagusietan "politiko profesionalak ez diren ordezkariak, hau da, kaleko jendea" egon dadin.

Oiz mendian egindako hauteskunde-ekitaldian, Ahal Duguko kideek, tartean Roberto Uriarte idazkari nagusiak, nabarmendu dute "beharrezkoa" dela aldaketa gauzatzea.

Besteak

Juantxo Lopez de Uralde Equoren sortzaile eta bozeramaleetako batek nabarmendu duenez, Irabazi besteengandik ezberdina da "jatorri anitza" duelako. Gainera, Lopez de Uralderen esanetan, prest daude "pertsonen eta munduko baliabideen ustiapenaren kontra borroka egiteko", eta "ezinbestekoa da bloke politiko eta sozial irmoa eratzea, kalean zein erakundeetan lan egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE albisteak Euskadiko PP bideoak