Udal eta Foru Hauteskundeak -
Gobernu bilera
Eusko Jaurlaritza, erakundeen egonkortasunaren alde
Josu Erkorekaren hitzetan, euskal mapa politikoa lehen baino "irekiagoa eta anitzagoa" da, eta, horrenbestez, egonkortasuna helburu, alderdiek "ahaleginak egin" behar dituzte akordioak lortzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Urkulluren gobernua erakunde egonkorren aldekoa dela, eta hain justu, udal eta foru hauteskundeen ondotik, alderdiek egonkortasun hori bermatzeko erronka dutela azpimarratu du.
Gobernu bileraren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan, hauteskundeen balorazioa egin du Erkorekak. Horren hitzetan, "EAJ izan da, orokorrean, emaitza onenak izan dituena. Hauteskundeetako irabazlea izan da, eta erakundeei egonkortasuna emateko elkarrizketak berak abiatu behar ditu, bozkatuena izan den horietan bai behintzat".
Jaurlaritzako bozeramaileak agertu duenez, euskal mapa politikoa lehen baino "irekiago eta anitzagoa" da, eta horrenbestez, erakundeen egonkortasuna helburu, alderdiek "ahaleginak egin behar dituzte" akordioak lortzeko. "Indar politiko guztien erronka eta desafioa horixe da. Gizartea zain dago alderdiek akordioak noiz lortuko", adierazi du.
EAJk eta PSE-EEk duten ituna udal erakundeetan ere ezar daitekeen galdetuta, ez du alderdien arteko harremanei eta negoziazioei buruzko iritzirik eman nahi izan.
Erkorekaren aburuz, indar bozkatuenak abiatu behar ditu negoziazioak, baina "gehiengo guztiak dira legitimoak".
Gasteizko alkatetza
Jarrera bera erakutsi du Javier Maroto Gasteizko Alkatetzatik kentzeko EH Bilduk egindako proposamenaren gainean, eta alderdien arteko ika-mikan sartzeko asmorik ez duela esan du Erkorekak.
"Alderdiei dagokie hauteskundeen emaitzak interpretatu, egonkortasun instituzionala bermatzeko egin beharreko estrategiak zehaztu eta akordioak lortzea. Hori modu askotara egin daiteke, modua alderdi politikoek erabaki behar dute", azaldu du.
EH Bilduk Gipuzkoan galdutako babesari buruz galdetuta, iritzirik eman gabe, soziologoen esku utzi du auzia.
Ahal Dugu eta Ciudadanos alderdi sortu berrien inguruan ere mintzatu da Erkoreka. Horren hitzetan, alderdiok "erakundeak eta bizitza politikoa baldintzatuko dute, eta kontuan hartu beharko dituzte".