Udal eta Foru Hauteskundeak -
Itunak
EAJk eta PSE-EEk negoziazioa hasiko dute astearte honetan
“Hauteskundeetako emaitzak eta agertoki instituzional berria aztertzeko” bilduko dira Sabin Etxean sozialistak eta jeltzaleak.
Agentziak | Erredakzioa
Udaletan eta aldundietan akordioak bilatzeko negoziazioak astearte honetan hasiko dituzte EAJko eta PSE-EEko buruzagiek. Bilera Sabin Etxean egingo dute, Bilbon.
Bi alderdietako ordezkaritzak berdinak izango dira: alderdiko buruzagi nagusia, Antolakuntza eta Lurralde Politikako idazkariak eta hiru lurraldeetako agintariak.
Horrela, EAJren ordezkaritza Andoni Ortuzar (Euzkadi Buru Batzarreko presidentea); Koldo Mediavilla (Politika Instituzionala) eta Joseba Aurrekoetxea (Antolakuntza) burukideek eta Xabier Agirre (Araba), Joseba Egibar (Gipuzkoa) eta Itxaso Atutxa (Bizkaia) lurraldeetako arduradunek osatuko dute.
Bestalde, ordezkaritza sozialista hauek osatuko dute: Idoia Mendia (idazkari nagusia), Miguel Angel Flores (Antolakuntza), Begoña Gil (Politika Instituzionala) eta Cristina Gonzalez (Araba), Iñaki Arriola (Gipuzkoa) eta Mikel Torres (Bizkaia).
Desadostasun gutxi
“Hauteskundeetako emaitzak eta agertoki instituzional berria aztertzeko” bilduko direla adierazi dute sozialistek eta jeltzaleek agiri banatan. Antza denez, desadostasun gutxi dituzte bi alderdiek.
Bi alderdien arteko “akordio orokor bat” lortuko balute, Bilbon, Donostian, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengo absolutua izatea ekarriko luke, baina ez litzateke nahikoa izango Gasteizen eta Araban.
Maiatzaren 24tik bi alderdiak publikoki akordioa lortzearen alde agertu dira. Koalizioko gobernuen aukera aztertuko dute. Hala ere, hautagai bozkatuenek bilera-sortak hasi dituzte ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin.