10:27

Udal eta Foru Hauteskundeak

Udalak

Noiz eta nola aukeratuko dituzte alkateak?

E.GARAIKOETXEA | EITB.eUS

Larunbatean, ekainaren 13an, osatuko dira EAEko eta Nafarroako 499 udalak, gehienak eguerdian. eitb.eus-ek zuzenean jarraituko du hitzordua.

  • Gasteizko udala

    Osoko bilkurarako ordu gutxi falta diren honetan, argitzeke dago Maroto alkate izango ote den. EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeen ondotik, larunbat honetan, ekainaren 13an, eratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 251 eta Nafarroako 248 udal. eitb.eus-ek asteburuko lantaldea indartuko du hitzordua zuzenean jarraitu ahal izateko eta udaletako mapa politiko berria nola geratuko den erakusteko.

Negoziazio eta adierazpenez jositako asteak izan dira azken hauek. Udal askotan, alkatea aldatzeko edo karguari eusteko babes bila ibili dira alderdiak; zenbaitetan, Gasteizen kasu, argitzeke dago oraindik.

Udalerri gehienetan, eguerdi aldera ezagutuko da alkatearen izena, osoko bilkura 12:00etarako aurreikusi baitute.

Donostia, Amurrio eta Barañain, goiztiarrenak

Udalak osatzeko bilkura gehienak 10:00ak eta 12:00ak bitartean egingo dituzte; batzuetan, baina, hitzordua aurreratzea ebatzi dute. Donostian, esaterako, 09:00etan egingo dute saioa. Udal hauteskundeetan hautagai bozkatuena izan zen aldetik, Eneko Goia jeltzalea aukeratuko dute alkate, Juan Karlos Izagirreri (EH Bildu) lekukoa hartuta. Gainera, Izagirre ez da zinegotzi izango, aktari muzin egin eta Osakidetzara bueltatuko baita. Ordu berean egingo dute Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) osoko bilkura, eta Jesus Zaballos (PSE-EE) hautatuko dute alkate, ziurrena EAJren aldeko botoekin.

Orduerdi geroago (09:30), Amurrion (Araba) eta Barañainen (Nafarroa) egingo dituzte saioak. Orduan argituko da EAJk eta EH Bilduk Alkatetza eskuratzen duten edo ez. 10:00ak eta 11:00ak bitartean, dozenaka bilkura izango dira; besteak beste, Pasaian eta Andoainen (Gipuzkoa), Ermuan eta Getxon (Bizkaia), eta Burlatan (Nafarroa).

Bilkura gehienak 12:00etan izango dira. Ordu horretarako deitu dituzte Bilbokoa eta Iruñekoa. Bizkaiko hiriburuan, Juan Maria Aburto (EAJ) aukeratuko dute alkate, eta Nafarroakoan, Joseba Asiron (EH Bildu); UPNk hainbat urtez izan duen gotorlekua eskuratuko du. Lau hiriburuen argazki politikoa 14:00etan osatuko da, ordu horretarako deitu baitute Gasteizko osoko bilkura, eguneko lerroburuetako bat, duda izpirik gabe. Izan ere, hitzordurako ordu gutxi geratzen diren honetan, argitzeke dago Javier Marotok (PP) aginteari eutsiko dion edo beste hautagai bat izango den alkate, Miren Larrion EH Bilduko hautagaiak eta hainbat gizarte eragilek eskatu bezala.

Jose Maria Gorroño (EAJ), Carlos Totorika (PSE) eta Amaia del Campo (EAJ) ere protagonista izango dira eguerdirako, Gernika-Lumo, Ermua eta Barakaldoko udalen buru aukeratuko baitituzte. 12:00etan, Bakio (Bizkaia), Arrasate (Gipuzkoa), Lizarra eta Altsasura (Nafarroa) begira egongo gara ezinbestean, alkatetza horietan aldaketa iragarrita baitago: EH Bilduk gobernatuko du Bizkaiko udalerrian, Bakio Bai plataformaren botoei esker. EAJ Gipuzkoako herriko udalean ariko da datozen lau urteetan, sozialistek emandako babesa dela eta. Lizarran, EH Bilduko haugataia izendatuko dute alkate, eta Sakanako herrian, Geroa Baikoa.

Nafarroako 271 udaletatik 24tan ez da alkate berririk izango. Garralda, Luzaide, Bidankoze eta Lantz udalerrietako herritarrek ezin izan zuten udal hauteskundeetan bozkatu, zerrendarik aurkeztu ez zelako. Hala, udazkenean egingo diren udal hauteskunde partzialen zain egon beharko dute. Orduan ere hautagairik ez balego, Nafarroako Gobernuak udal kudeatzaile bat izendatu beharko du.

Nola aukeratzen dituzte alkateak?

Udalak osatu eta alkateak aukeratzeko prozesua legez dago araututa, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bidez zehazki. Horren arabera, udalak "hauteskunde egunaren osteko 20. egunean egingo den saio publiko batean" osatuko dira; hautetsien kontrako hauteskunde-auzietako errekurtsorik balego, berriz, uztailaren 3an (hauteskundeen egunaren osteko 40. egunean) egin beharko da osoko bilkura.

Batzarra adineko mahai batek zuzenduko du, zinegotzi gazte eta zaharrenak osatuko dutena. Mahai horri dagokio udalbatza osatzea, baina horretarako zinegotzien gehiengoak egon beharko du bilkuran. Hala ez balitz, bilkura bi egun geroago (ekainaren 15ean) egin beharko dute.

Udalbatza osatuta, zinegotziek bozketa egin beharko dute. Alderdi bakoitzeko zerrendaburu guztiak dira alkategai. Osoko bilkuran biltzen diren zinegotzien erdiaren eta bat gehiagoren babesa (gehiengo absolutua) lortzen duena izendatuko dute alkate. Halakorik lortu ezean, hauteskundeetan boto gehien lortu dituen alderdiko zerrendaburua izango da alkate. Berdinketa kasuetan, zozketa egingo da.

100-250 biztanle dituzten udalak beste era batera osatzen dira. Udal hauteskundeak zerrenda irekien bidez egiten direnez, zinegotzi guztiak dira alkategai. Hor ere, gehiengo osoa behar da aukeratua izateko, eta, hori lortu ezean, maiatzaren 24an boto gehien jaso zituen zinegotzia izendatuko dute alkate.




Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena