Udal eta Foru Hauteskundeak -
Nafarroako Parlamentua
Uxue Barkosen inbestidura saioan abstenitzea proposatu du Chivitek
Hala ere, asteleheneko inbestidura saioko Uxue Barkosen hitzaldia entzun ondoren erabakiko dute Nafarroako sozialistek beren botoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uxue Barkosen inbestiduran abstenitzea aztertzen ari dira Nafarroako sozialistak. Dena den, inbestidura saioko Uxue Barkosen hitzaldia entzun ondoren erabakiko dute Nafarroako sozialistek beren botoa.
PSNk Lurralde Batzarra egin du larunbat honetan Iruñean, eta Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak abstentzioaren alde egitea proposatu die militanteei. Haren esanetan, abstentzioa "elkarrizketarako borondatearen" erakusle izango litzateke. Hala eta guztiz ere, azpimarratu du "zaindari jarrera" izango dutela sozialistek eta ez dutela txeke zuririk onartuko.
Nafarroako sozialistek gaur hartu nahi zuten asteleheneko Uxue Barkosen inbestidura saioko botoari buruzko erabakia, baina ez da quoruma osatzeko behar den militante kopurua bertaratu -82 militante agertu dira eta, gutxienez, 136 behar ziren-.
Uxue Barkosen izendapenari oztoporik ez jartzea proposatu du Maria Chivitek, haren esanetan, PSNk aldaketaren aldeko apustua egiten duelako eta "elkarrizketarako borondatea" erakutsi nahi duelako. Dena den, azpimarratu du oso "zorrotzak" izango direla Gobernu berriarekin.
UPNren esanetan, PSNk erabaki txarra hartu du
UPNren iritziz, PSNk erabaki txarra hartu du asteleheneko Uxue Barkosen inbestidura saioan ezezko botoaren alde egingo ez duelako.
"Akats ulertezina da, batez ere, sozialisten buruzagi nazionalak Bilduk eta alderdi ez konstituzionalistek Foru Gobernu berria osatzea kritikatu eta PSN barruan izandako erantzunaren ondoren", adierazi dute erregionalistek ohar batean.