Udal eta foru hauteskundeak 2019: Maiatzaren 26an, Euskadin eta Nafarroan | EITB Hauteskundeak albisteak

Udalen osaketa

01:29

Udalen osaketa

M26

EAJk bere nagusitasuna berretsi du EAEn, eta Nafarroan eskuina gailendu da

EITB.EUS

EAJk berriro irabazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, Navarra Suma koalizioa izan da garaile.   

  • Andoni Ortuzar EAJko presidentea.

    Andoni Ortuzar EAJko presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

EAJk irabazi ditu 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita Bilbon, Gasteizen eta Donostian ere.

Bizkaian EAJ da jaun eta jabe. 25 batzarkide lortu ditu eta Bilboko udaletxean gehiengo absolutua lortzear egon da.

Araban lehen indarra izaten jarraitzen du, eta Gipuzkoan lehia estua izan du EH Bildurekin, baina azkenean koalizio soberanistari gailendu zaio, hiru eserlekugatik izan bada ere.

EH Bilduri dagokionez, goraka egin du Hego Euskal Herrian eta Gipuzkoan hainbat udalerri berreskuratu ditu, tartean Ordizia, Bergara eta Pasaia. Gainera, berriro atera da garaile Errenterian.

Ildo horretan, Arnaldo Otegik azpimarratu du 140.000 boto baino gehiago lortu dituztela eta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hautetsi gehien duen alderdia dela. "Europako hauteskundeetan 1,2 milioi boto lortu ditugu eta Amaiurrekin ezarritako 333.000 marka gainditu dugu, 345.000 boto eskuratuta".

Hala ere, koalizio soberanistak Iruñeko alkatetza galdu du eta Gasteizen ez ditu esperotako emaitza izan. Inkesten arabera, Miren Larrionek hauteskundeak irabazteko aukera zuen, baina azkenean hirugarren indarra izan da EH Bildu, EAJren eta PSE-EEren atzetik.

Bestalde, 24 urtetan lehen aldiz lortu du EAJk Gasteizen gailentzea; eta Alderdi Popularrak beherakada nabarmena izan du: 2015ean lehen indarra izatetik, laugarren tokira igaro baita.

Gasteizen beste ezusteko bat ere izan da: PSE-EE laugarren tokitik bigarrenera pasatu baita, PSOEren apirilaren 28ko olatuaz baliatuta.

Euskadiko Alderdi Sozialistak Ermua, Portugalete, Eibar, Irun, Lasarte edo Zumarraga bezalako udalerrietan nagusitu da, baina ez du Barakaldon alkatetza berreskuratzea, eta hori zen hauteskunde hauetako helburu nagusietako bat.

PSE-EEren gorakadak Elkarrekin Podemosi egin dio kalte. 36 hautetsi gehiago izango ditu datorren legegintzaldian, baina inkestek aurreikusitakoa baino emaitza kaskarragoa izan du. Hala ere, Bilbon eta Donostian gora egin du, eta Gasteizen eutsi.

Hauteskundeetako galtzailea Alderdi Popularra izan da. 2015eko datuekin alderatuta, 57.000 boto eta 24 zinegotzi galdu ditu.

Nafarroan, Navarra Suma izan da garailea. UPN, PP eta Ciudadanosek osatutako koalizioak 19 parlamentari lortu ditu; PSNk 11; Geroa Baik 9; EH Bilduk 8; Podemosek 2; eta Izquierda-Ezkerrak bat. Horrenbestez, laukoak ez du gehiengo nahikorik izango aldaketaren gobernuarekin jarraitzeko.

Horrez gain, Navarra Suma Iruñean ere nagusitu da, eta gehiengo absolutua lortzea egon da. Eskuinak 13 zinegotzi izango ditu, eta, ondorioz, Joseba Asironek ezingo dio alkatetzari eutsi.

Emaitzak ikusita, Uxue Barkosek onartu du PSNren esku dagoela orain Nafarroan gobernu progresistak osatzea edo ez, eta, ildo horretan, Maria Chivite presidentegaiari akordioetara heltzeko eskua luzatu dio.

Gauzak horrela, PSNk bi aukera izango ditu: Javier Esparza presidente bilakatzen utzi edo Gero Bairekin gobernu progresista bat osatzen ahalegindu.

Europako hauteskundeen kasuan ere EAJ izan da alderdirik bozkatuena, eta EH Bildu bigarren indarra. Hortaz, Izaskun Bilbao eta Pernando Barrena Europako Parlamentuan izango dira.

PSE, Podemos eta PP izan dira hirugarren, laugarren eta bosgarren indarrak, hurrenez hurren.


Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena