Udal eta foru hauteskundeak -
M26
Barne Ministerioak akatsak onartu ditu webgunean erakutsitako hauteskunde emaitzetan
Moncloak ohar batean azaldu duenez, ordezkaritza lortzeko balio izan duten boto 'erabilgarriak' soilik erakusten dira webgunean, gainerakoak bazterrean utziz. Ministerioak akatsak zuzentzea agindu du.
EITB.EUS
Maiatzaren 26ko hauteskundeek zeresana ematen jarraitzen dute. Espainiako Barne Ministerioak onartu duenez, akatsak daude bere webgunean argitaratutako behin-behineko hauteskunde emaitzetan, eta zuzentzeko agindu du. Ministerioaren esanetan, SCYTL-VECTOR enpresak erabilitako irizpideak eragin du okerra; izan ere, ordezkaritza lortzeko balio izan duten botoak bakarrik erakusten ditu, eta gainerakoak ezkutatu. Dena dela, boto zenbaketaren fidagarritasuna bermatuta dagoela esan du Barne Ministerioko iturri batek.
"Kontaketa perfektua da, behin-behineko emaitzak webgunera iraultzeko orduan sortu dira arazoak", adierazi du Barne Ministerioko bozeramaile batek.
SCYTL-VECTOR enpresak webgunearen bertsio berri bat prestatu du, boto guztiak bilduko dituena, eta gaur bertan ikusgai egotea aurreikusi dute.
Hauteskunde batzordeek gaurtik larunbatera arte dute atzerriko botoen kontaketa egiteko. Beraz, ezustekorik ezean, larunbatean ezagutaraziko dira behin betiko emaitzak.
Moncloak ohar batean azaldu duenez, maiatzaren 26ko boto zenbaketa, oro har, zuzena izan zen. Ildo horretan, ez du aurreikusten ordezkari kopuruetan aldaketarik egotea. Moncloaren esanetan, zinegotziak lortzeko behar ziren botoak soilik erakusteak eragin du "nahasmendua".
SCYTL-VECTOR enpresak erabilitako irizpidea egin du Moncloak gaizki-ulertu horien erantzule. Horrek hainbat kexa eta salaketa sorrarazi ditu. Zinegotziak lortzeko beharrezkoak izan diren botoak bakarrik ageri dira, eta, beraz, boto kopuruak ez datoz bat.
Izan ere, ordezkaritza lortzeko balio izan ez duten botoak ez dira kontabilizatu. Dena den, Moncloatik esan dutenez, horrek ez du esan nahi zenbatu ez direnik. Kontuak kontu, ez dira webgunean erakusten, eta milaka omen dira agertzen ez direnak.
Hala eta guztiz ere, zuzenketa egindakoan ere hauteskundeetako emaitzak ez direla aldatuko azpimarratu du Moncloak. Bide batez, enpresa boto guztiak jasoko dituen bertsio berri bat prestatzen ari da, eta, segur aski, gaur bertan egongo da martxan.
Sozialistek Eivissako alkatetza bereganatuko dute, Hauteskunde Batzordeak zuzenketa egin ostean
Alderdi Sozialistak Eivissako alkatetza eskuratuko du, igandeko 11 hautesmahaietan atzemandako irregulartasunak Hauteskunde Batzordeak zuzendu ostean. Zuzenketaren ostean, sozialistek 9 zinegotzi lortu dituzte eta popularrek, ostera, 8.
Gauzak horrela, ziurrenera, Rafel Ruizek errepikatuko du alkate karguan.
Eivissako datuak pasatzerako garaian, akats informatikoren bat egin ote zuten argitzeko batzartu da gaur Hauteskunde Batzordea. Balear Uharteetako Alderdi Sozialistak (PSIB) hainbat mahaitako kontaketa berrikustea eskatu zuen, 11 mahaitan datuak bat ez zetozela egiaztatu ostean.