X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Maiatzeko hauteskundeak
Egibar: 'Bilduk biktimismoa utzi eta proiektuez hitz egiteko ordua da'
Joseba Egibarrek "ezinbestekotzat" jotzen du Bildu hauteskundeetan egotea, baina uste du badela ordua "biktimismoa utzi eta beltza zuriaren gainean jartzeko" bere proiektuetan
Erredakzioa
Joseba Egibarrek (EAJ) esan du "ezinbestekoa" dela Bildu mapa politikoan egotean, baina uste du "badela ordua" koalizio abertzaleak "biktimismo jarrera utzi eta beltza zuriaren gainean jartzeko" proiektuen gainean.
Egibarrek gaur Donostian Haizearen Orrazian egin den ekitaldi batean esan duenez, Bildu "besterik gabe erakusle jarreran dago, solidaritate demokratiko moduko bati itxaroten, Foru Aldundietarako eta Udaletarako programak aurkeztu gabe"; "ez dituzte behar, antza", gaineratu du jeltzaleak.
"Gaur gaurkoz komunikabideen aurrean dagoen aukera bat da, denon artean kanpaina egin dioguna, bai komunikabideek eta baita politikariok ere", esan du Joseba Egibarrek kazetariei egindako adierazpenetan.
EAJren Gipuzkoako presidenteak azpimarratu du EAk, Alternatibak eta independente abertzaleek osatutako koalizioak "balantzea" egiteko momentua duela, "instituzio arloan eskasa iruditzen zait, eta zer esanik ez politika alorrean", esan du.
Edonola ere, "guztiaren gainetik" EAJ Auzitegi Gorenak Bilduren aurkako inpugnazioa atzera botatzea espero duela berretsi du Egibarrek, hori ez baita "sinpatia edo antipatia kontua".
Inpugnazioak onartzea ez dela "gertakari elektorala edo distortsio politikoa" izango azaldu du Egibarrek, "PPren eta PSOEren beharrei egokitutako demokrazia, baizik".