X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Maiatzeko hauteskundeak

Konstituzionaleko Osoko Bilkurak Bilduren helegitea ebatziko du

Horrela erabaki du Auzitegi Konstituzionaleko bigarren aretoak, magistratuen artean "berdinketa" bat eman ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionaleko Osoko Bilkura izango da azkenean Bilduren inguruan erabakia hartuko duena. Auzitegi Konstituzionaleko 7 epaile aurrerakoiak dira, eta beste laurak kontserbadoreak.

Konstituzionaleko Bigarren Salak hartu du erabaki hori adostasun eza dela eta; izan ere botoen berdinketa bat izan da.

Alderdien Legearekin zerikusia duen gai baterako osoko bilkura biltzen den lehen aldia da. Pascual Sala da Konstituzionaleko presidentea.

Auzitegi Konstituzionaleko Bigarren Aretoaren eztabaida 19:00etan hasi da berriro, Francisco Hernando epailearen txostena eztabaidatzeko. Osoko Bilkura 20:30etatik bilduta dago.

Azkenean Auzitegi Konstituzionaleko Osoko Bildura izango da Bilduren helegitearen inguruan erabakia hartzeko arduraduna. Auzitegi Gorenak Bilduren hautagai-zerrendak bertan behera utzi zituen eta Bilduk helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean.

Zalduondoko hautagaitza

Bestalde, Zalduondoko (Araba) Hautagaitza Independenteak aurkeztutako helegitea ebatzi du Konstituzionalak. Gorenak atzera bota zuen hautagaitza, baina Konstituzionalak babes-errekurtsoa onartu du, ondorioz, hauteskundeetara aurkeztu ahal izango da.

ETAren eta EAren arteko bilera

Fiskaltzak beste froga bataurkeztu du gaur goizean Auzitegi Konstituzionalean Bilduren aurkako prozesuan: ETAk eta EAk 2009an ustez egin zuten bilera baten akta, Europa Press agentziak jakinarazi duenez.

Bilduk hauteskundeetan parte har dezakeen edo ez ebatzi behar du gaur Konstituzionalak, eta gauerdia arteko epea du hori erabakitzeko.

Atzo, koalizioak Auzitegi Gorenaren debekuaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta, gaur goizean, Fiskaltzak alegazioak aurkeztu ditu, tartean aipatu akta.

Nolanahi ere, ez dago argi Konstituzionalak froga berria onartuko duen.

Txostena Guardia Zibilak atzeman zuen, 2010eko otsailean, Halboka operazioan.

Aipatu iturrien arabera, Guardia Zibilak bart igorri dio Fiskaltzari, orain arte ezin izan baitzuen edukia itzuli. Akta ETAko kide batek idatzi du. Guardia Zibilaren esanetan, EAko bi kide eta erakunde terrorista Euskal Herriko jatetxe batean batzartu ziren.

Txostena oso luzea da eta bertan 2005ean ustez egindako beste bilera bat aipatzen da. Batzar horretan, baliteke Carlos Garaikoetxeak parte hartu izana.

Aktaren arabera, ETAk eta EAk akordioak lortzen saiatzeko beharra azpimarratu zuten, baina idatzian ez da hauteskunde zehatzik aipatzen.ETAren aktaren esanetan, erakunde terroristaren hausnarketa guztien aurrean EAk "bai, bai eta bai" esan zuen.

EAk salaketa egingo du, irainengatik

Fiskaltzak Konstituzionalean aurkeztutako dokumentoen "irainak" auzitegietan salatuko dituela iragarri du EAk.

Pello Urizarrek zuzendutako alderdiak "eguerdian hainbat hedabideetan zabaldutako informazioak" ukatu egin ditu eta "egindako irainen kontrako salaketa" aurkeztuko duela adierazi du. Honen harian, "Konstituzionalak Bilduren inguruan erabaki behar duen egunean zenbait hedabideek egindako azpikeria" kritikatu du alderdi abertzaleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea