X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-batzordea

Biktimek Bilduren aurka egin beharreko elkarretaratzea baimendu dute

Voces contra el Terrorismo plataformak deitu zuen protesta, baina AVTk eta Ermuko Foroak bat egin dute. Bilduren legeztatzea "traizio" bat dela uste du plataforma horrek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bildu maiatzaren 22ko hauteskundeetan izatea ahalbidetu duen Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontra protesta deitu zuen Voces contra el Terrorismo plataformak eta Hauteskunde-batzordeak baimendu egin du gaur. Ondorioz, manifestaldia larunbatean izango da Espainiako hiriburuan.

Hauteskunde-batzordeko iturriek baieztatu dutenez, Francisco Jose Alcaraz AVTko presidente ohiaren elkarteari elkarretaratzea egiteko baimena eman diote. "Espainiari egindako traizioaren aurrean, ETA hauteskundeetatik at" lelopean egingo dute elkarretaratzea.

AVTk eta Ermuko Foroak bat egin dute protestarekin. Manifestaldia Republica Dominicana plazan egingo dute, terrorismoaren biktimen oroitarriaren alboan. ETAk 12 guardia zibil hil zituen 1986an, plaza horretan, bonba-auto baten bidez autobus baten aurka egindako erasoan.

Bilduren legeztatzea "traizioa" dela uste du Voces contra el Terrorismok. ETAren eta Gobernuaren arteko negoziaketa agerian uzten du erabaki horrek, plataformaren hitzetan.

AVTk protesta zabaldu du

Gainera, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontrako mobilizazio gehiago deitu ditu AVT elkarteak Espainiako beste hiriburu batzuetan.

Horrela, Madrilgo elkarretaratzea izan eta ordubete geroago, 18:00etan, Kordoban, Malagan, Zaragozan, Oviedon, Salamancan, Valladoliden, Bartzelonan, Caceresen, Badajozen, Coruñan, Murtzian eta Logroñon protestak egingo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea