X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
'Oiloa' deitu dio Basagoitik Zapaterori, Bilduri buruzko polemikagatik
Irunen egindako ekitaldi politiko batean, Antonio Basagoitik esan du Errandonearen argazkiak "Konstituzionaleko sei epaileen mila argumentu baino gehiago" balio duela.
Erredakzioa
"Zenbat eta epaile eta agintari oilo gutxiago egon, gero eta gehiago hurbilduko gara bakera eta askatasunera", azpimarratu du gaur goizean Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidenteak.
Adierazpen horiek Alderdi Popularrak Irunen goizean egindako ekitaldian egin ditu. Pascual Sala Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak atzo esandakoak eta Ander Errandonea ETAko preso ohiaren argazkiak izan ditu hizpide. Basagoitiren iritzian, "azken urteotan terrorismoaren aurkako borrokan urratsak eman badira, inor oiloa izan ez delako izan da". Hori dela eta, koldarkeria albo batean uzteko deia egin du. "Oiloa inor ez izateko eskatzen dut; inor ez da oiloa izan behar, ez epaileak, ez agintariak, ezta Zapatero ere", adierazi du. "Terrorismoaren aurka beti eraginkorra izan denari eutsi behar diogu: irmotasunari eta zorroztasunari".
Ander Errandonea preso ohia kartzela atarian Bilduren aldeko kartel batekin agertu izana ere gogor kritikatu du. "Irudi horrek Konstituzionaleko sei epaileen mila argumentu baino gehiago balio du, Zapatero eta EAJren arteko mila konponketa baino gehiago balio du, Batasuna ona dela dioten politikarien mila adierazpen baino gehiago balio du", nabarmendu du.
Hauteskunde-kanpaina hasi zenetik sei egun igaro diren honetan, Bildu "ETAk burututako ia 900 erailketatik bakar bat ere gaitzesteko" gai izan ez dela deitoratu du.
"ETA, Bildu, Sortu edo dena delakoak tokirik izan ez dezan dena emateko unea da", azpimarratu du. Horrenbestez, maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bildu "geldiarazteko" deia egin die herritarrei. Bestalde, EAJ eta PSE ere gogor kritikatu ditu hauteskunde-kanpainan langabeziari eta ekonomiari buruz "hitz egin nahi ez dutelako".