X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde kanpaina

Carlos Iturgaiz: 'Bilduren boto-emaileek munizioa emango diote ETAri'

PPko eurodiputatuaren esanetan, Zapaterok "suntsitu" egin du Espainia eta "ETA Udaletan sartu du".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Iturgaiz PPko europarlamentarioak adierazi du Bilduren boto-emaileek "munizioa" emango diotela ETAri, eta "borreroak" udaletan sartzea "barrabaskeria" eta "Espainiari, askatasunari, demokraziari eta terrorismoaren biktimei traizio egitea" dela gaineratu du.

Iturgaiz Barakaldon izan da, PPren hauteskunde ekitaldi batean, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentearekin, Esther Martinez Bizkaiko ahaldun nagusigaiarekin eta Amaya Fernandez alkategaiarekin batera.

Iturgaizen esanetan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak "suntsitu" egin du Espainia, eta "ETA Udaletan sartu du". Halaber, PSOEk Bildurekin akordioa sinatuko duela aurrez ikusi du, "hori baita sozialistek abiatutako prozesuaren hurrengo urratsa".

Eurodiputatuak nabarmendu du sozialisten erruz ETAk "boterea" izango duela Udaletan: "Bildu ETA da; Otegik, Erkiziak, De Juanak, Ternerak eta ''altxor'' horiek Bilduren alde bozkatuko dute, ETAri munizioa emateko". "Bilduren boto-emaileek munizioa emango diote ETAri", erantsi du.

Iturgaizen aburuz, terrorismoaren aurkako borrokak "15 urte atzera egin du", eta Bilduren hauteskunde programa "ezaguna" dela esan du: "zinegotzien informazioa pasatzea, nazionalista ez direnei bizimodua ezinezko egitea eta EAJren babesarekin Espainiarekin lotura apurtzeko planean aurrera egitea".

"Hauteskunde-iruzurra egin dute, gure alderdikideek terroristak izango baitituzte ondoan eserita Udaletan eta Aldundietan, eta hori ez da gertatzen planetako beste edozein tokitan", kritikatu du.

"Euskadiko PP terrorismoaren sugeari burua mozteko dago politikan, baina beste batzuk sugearen arrautzak udaletan eta erakundeetan jartzeko", ohartarazi du.

Bestalde, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak goratu egin du Iturgaizen ibilbidea, eta ukatu egin du PP "sekta" dela: "Printzipio berdinak ditugun arren, norberak bere ideiak ditu, eta guztiok defendatu egiten dugu PP, zintzotasunez eta leialtasunez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea