X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Jaurlaritzari enplegua sortzen lagunduko diola iragarri du Pastorrek

Bizkaiko ahaldun nagusigai sozialistak "berrikuntzaren eta sormenaren alde" egin du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastor PSE-EEren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak konpromisoa hartu du Aldunditik Eusko Jaurlaritzari laguntzeko, "enplegu iraunkorra" sortzeko eta "ezagutzaren ekonomian" aurrera egiteko helburuz.

Pastor Ermuan (Bizkaia) izan da astelehen arratsaldean, Carlos Totorika alkategaiarekin batera, I+G+B proiektuei buruz hitz egiteko.

Horrela, hautagai sozialistak adierazi du globalizazioak eta krisiak "aldaketa soziala, ekonomikoa eta produktiboa" behar dutela, "erantzun ezberdinak eta aldaketei etengabe moldatzea" oinarri.

Bere iritziz, "konponbideak bilatzeko" unea da, langabeziak, "egoera ekonomikoaren ondorio larrienetakoak", "aurpegi asko" baititu. "Enplegu iraunkorra sortzeko, ekoizpen egitura lehiakorra behar dugu, eta horretarako ezagutzaren gizartean aurrera egin beharra dago", gaineratu du. Ezagutzaren ekonomia horrela azaldu du Pastorrek: "ezagutza eskatzen, ekoizten eta ekonomikoki baloratzen duen eredu ekonomikoa".

Bizkaiko ahaldun nagusigai sozialistak "berrikuntzaren eta sormenaren" alde egin du, eta bermatu egin du sozialistek Eusko Jaurlaritzari lagunduko diotela "sektore publikoa indartzen".

I+G+B sektorean gehiago inbertitu beharra dagoela esan du, "ekonomiak hobera egin eta sektore tradizionaletan zein susperraldian daudenetan lanpostuak sortzeko". Susperraldian dauden sektoreen adibide, bio eta nano teknologiak aipatu ditu.

Bere esanetan, PSE zeregin horretan dago Eusko Jaurlaritzan, eta BioGurutzeta, Neutroi Iturria eta EHUren Parke Zientifikoa jarri ditu adibide.

Bozeramaile sozialistak iragarri du eutsi egingo dietela enplegu eta prestakuntza inbertsioei, horren ondorioz gizartea "dinamikoagoa" izango baita eta "aldaketen erritmoetara egokituko" baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea