Udal eta foru hauteskundeak -
M28
Gaur abiatuko da hauteskunde kanpaina, kanpainaurre luze eta sutsu baten ondotik
Arratsaldeko azken orduan egingo dituzten ekitaldien azken prestaketetan buru-belarri ari dira alderdiak. Gehienek Gasteiz eta Iruñea aukeratu dituzte kanpainari hasiera emateko.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen kanpaina gaur hasiko da. Ofizialki hasiko da gaur, alderdiek hainbat aste baitaramatzate iparrorratza bozetara begira jarrita, kanpainaurreko ekitaldietan.
Badira urte batzuk gauerdiko ohiko kartel itsasteari itxaron aurretik bezperan antolatzen dituztela ekitaldi handiak alderdiek. Hala, aurten ere, arratsalde-iluntzean izango dira hitzordu nagusiak. Hori bai, horietan, oraindik, politikariek ezingo dute botoa zuzenean eskatu, legeak hala agintzen duelako. Nolanahi ere, hemendik aurrerako lasterketaren norabidea zehazten hasiko dira gaurko mezuekin.
Hego Euskal Herriko alderdiek hiriburuak aukeratu dituzte kanpainari ekiteko. Gehienek Gasteizen eta Iruñean antolatu dituzte euren ekitaldiak.
Ondoren, EAEko eta Nafarroako alderdi nagusien hitzorduak:
EAJ: Gasteizen ekingo diote jeltzaleek kanpainari, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak gidatuko duten ekitaldi batekin.
EH Bildu: Iruñea aukeratu du ezker abertzaleko koalizioak. Besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Laura Aznal Nafarroako presidentegaia eta Joseba Asiron Iruñeko alkategaia igoko dira oholtzara.
PSE-EE: EAEko sozialistak Arabako hiriburuan egongo dira, eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkariak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia eta Patxi Lopez lehendakari izandakoa eta PSOEren Kongresuko eleduna izango ditu alboan. PSNk, berriz, Iruñean ekingo dio kanpainari, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria protagonista dela.
Elkarrekin Podemos-IU-Aliantza Berdea-Equo: Gasteizen izango dira Elkarrekin Podemos-IU-Aliantza Berdea-Equo ezkerreko koalizioko hautagai eta ordezkariak, tartean, Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatua.
PP: Alderdi Popularra izango da ekitaldia Donostiara eramango duen bakarra. Carlos Iturgaiz EAEko popularren buruak hartuko du parte, Gipuzkoako hainbat hautagairekin batera.
Vox: Ultraeskuineko alderdiak ere, Gasteiz aukeratu du. Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea eta alderdiko hainbat ordezkari izango dira bertan.
UPN: Nafarroako hiriburuan egingo dute kanpaina hasierako ekitaldia UPNko ordezkari eta hautagai nagusiek.
Geroa Bai: Uxue Barkosek zuzentzen duen koalizioak Iruñean emango dio hasiera M28rako lasterketari.