cerrar buscador

17:26

Bilbo

Ikerketa

Bilboko alokairuen % 15ean ez da errenta ordaintzen, ika-mikengatik

agentziak | erredakzioa

Jabeen eta errentarien arteko arazoek eragiten dute errenta ez ordaintzea; etxetresna elektrikoen konponketa, gainerako auzokoekiko harremanak eta zerbitzuen titulartasuna dira arazo ohikoenak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Etxetresna elektrikoen konponketa, bereziki galdara eta garbigailua, gainerako bizilagunekiko harremana eta zerbitzuen kontratuen titulartasuna dira maizterrek eta jabeek duten arazoen iturri nagusiak. Arazo horiek  eragiten dute azkenean errenta ez ordaintzen bukatzea Bilbon, alokairuen % 15ean, gainera, batzuetan kontratua desegiten dute eta etxegabetzeak ere izaten dira.

Arrendamiento 10 etxebizitza alokairuaren enpresa bilbotarrak aurkeztutako txostenak jasotzen dituen datuak dira, eta jabeen eta maizterren arteko liskarrak nabarmenak dira ikerketan, baita liskarron ondorioak eta konponbideak ere.

Bilbon egindako 700 alokairuetatik abiatuta egin dute txostena, arazo ohikoenak identifikatzeko, baina argitu dute arazoak -txikiak zein handiak- kasuen % 99ean izaten direla. "Horrek ez du esan nahi etengabe gatazkarik dagoela, baina jabeek eta errentariek ikuspegi ezberdinak dituzte, hasiera-hasieratik, eta horrek desadostasunak ekartzen ditu, edonolako gaiek sortuak", azaldu du Igor Godoy Arrendamiento 10 enpresako gerenteak.

Hala, arazo ohikoenen zerrendaren buruan etxetresna elektronikoen konponketa dago, alegia, nork konpondu behar dituen. Arazoen % 80an hori da, hain zuzen, arazoaren iturburua. "Galdarak eta garbigailuak dira ohikoenak; baita ere hozkailuak eta bestelako etxetresnak, baina neurri txikiago batean", azaldu du Elisabeth Delgado aipatutako enpresako bitartekariak.

Gauzak horrela, nork ordaindu behar duen konponketa, bereziki garestia baldin bada, hori da arazoen muin nagusia. Bestelakoak ere badaude, txikiagoak, baina ohikoak: pertsianak, sarrailak, armairuetako ateak eta entxufeak.

Puntu horretan, kontratua ahalik eta zehatzenen egitea gomendatzen dute adituek, argi geratzeko zein eperen barruan hartu beharko ditu bere gain konponketak jabeak, edo zein kopuruetan. "Ez da zentzuzkoa maizterrak hozkailua konpondu behar izatea hilabete daramanean, baina bai urte eta erdiz egon izan bada", dio Godoyk. Era berean, konponketa txikiak zehaztu beharko dira, ondoren arazoak ez izateko.

Alabaina, arazo guztiak ez datoz desadostasun ekonomikoengatik. Hala, bizilagunekin izaten diren liskarrak, zarata egiteagatik egindako kexak, musika altua eta jarrera bigarren lekuan agertzen dira.

Izan ere, gatazka horiek alde asko eta jatorri ezberdinak izaten dituzte, baina arazoen % 45 dira. "Auzokoak protesta egiten du jabearen aurren, horrek maizterraren aurrean, eta arazoa denboran luzatzen da", azaldu du Delgadok.

Beste arazo ohikoetako bat, alegia, hirugarren postuan agertzen dena, zerbitzuen titulartasunak eta "fakturazioan dauden desfaseak" ekartzen dute.

Iruzkinak