Sanferminak
Igandean 12:00etan
Erredakzioa
Eguraldi iragarpenak eguerditik aurrera euria egingo duela dio, baina jaietan parte hartuko duten milaka eta milaka lagunen gogoa ez da zapuztuko, eta 443 ekitaldi eta ikuskizun dituzte aukeran.
Albisteak (4)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (2)
Iruñeko hiria prest eta irrikan dago, Mikel Martinez Nafarroako hiriburuko Gurutze Gorriko presidenteak txupinazoa noiz botako zain, horrek emango baitie hasiera bederatzi egunean etenik gabe izango diren jaiei.
Iruindarrak zeruari begira errezuka dabiltza, 2014ko sanferminak uretan blai has ez daitezen. Baina eguraldiaren iragarpenak eguerditik aurrera ekaitzak eta zaparradak izango direla dio, eta tenperaturak behera egingo duela.
Bihar eguerdiko 12:00etan puntuan lehertuko da festa, txupinazoa jaurtita. Iruñeko Udala ziur dago aurten ez dela iazkoa bezalakorik gertatuko: 2013ko sanferminen hasiera 20 bat minutu atzeratzea erabaki zuten agintariek, txupinazoa jaurti behar zen unean ikurrina erraldoi bat zabaldu zutelako udaletxeko balkoi aurrean.
Edonola ere, euritan zein ateri, iruindarrek eta bisitariek aukera izango dute jai hauetan izango diren 443 ekitaldi eta ikuskizunetan -ordu erdirik behin ekitaldi bat, gutxi gorabehera - parte hartzeko. 2,4 milioi euroko aurrekontua dute aurtengo jaiek, eta horietatik 952.000 euro ospakizunetara bideratu dira.
Uztailaren 6tik 14ra bitartean izango diren ekitaldi horietatik guztietatik, 320 (% 72 inguru) musikarekin lotuta daude (kontzertuak, berbenak, musika bandak, alardeak eta dantza jaialdiak), haurrentzat 76 jarduera izango dira, zezenen ingurukoak 30 izango dira, 8 herri kirolekin lotuta, eta 9 ekitaldi instituzionalak izango dira.
Jaien egitarauan leku berezia hartu du, ohi legez, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak. Milaka eta milaka lagun batuko dituzte gauero Iruñeko gotorlekutik bederatzi gauetan jaurtiko dituzten suek.
Aurtengo helburuetako bat ekitaldietan sexu-erasorik ez egotea da. Xede horri begira, Nafarroako hamalau hedabidek bat egin dute Udalak indarkeria matxistarik gabeko sanferminak ospatzeko abiarazi duen kanpainarekin.
Nafarroako hiriburutik kanpo ere ospatuko dituzte sanferminak, munduan barrena dauden hainbat zentro nafarretan; esaterako, Bartzelonan, Madrilen, Gasteizen, Logroñon, Zaragozan, Bilbon, Burgosen, Sevillan, Valladoliden eta Santanderren; baita Parisen, Argentinako, Rosarion eta Mendozan, eta Bolivarren.
Eta gogoan izan EiTBk zuzeneko irudiak eskainiko dituela uneoro web-kameren bidez. Hona hemen Gaztelu Plazako irudiak
Batez besteko gastuak, gora
Sanferminez gozatzera hirira hurbiltzen diren bisitariek 110 euro xahutzen dituzte batez beste egunean, 2013ko edizioan Iruñeko Udalak egindako txosten baten arabera. Kopuru hori igo egin da aurreko urteetako ikerketekin alderatuta.
Hiria bisitatzen duen pertsonen kopurua zehaztea zaila den arren, 250.000-300.000 bat pertsonak parte hartzen duela kalkulatu dute.
Aipatutako txostenean agertzen denez, Iruñean lo egiten dutenen gastuak eta, gehien bat, tabernetara, ikuskizunetara eta dendetara joaten direnen gastuak gora egin dute, 2006ko datuekin alderatuta; aldiz, ostatuen sektorean behera egin du, 89,9 eurotik 80,63 eurora.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa