cerrar buscador

11:57

Sanferminak

Txupinazoa 2016

Lehertu da jaia Iruñean!

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

12:00etan sanferminetako txupina jaurti du 'El Tuli' sanferminzale amorratuak.

2:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Iruñea, 2016ko uztailaren 6a, 12:00ak. Jesus Ilundain Zaragüeta, "El Tuli" sanferminzale beteranoa Udaletxeko balkoira atera da, eta tradizioak agintzen duen bezala, "Iruindarrak... Gora San Fermin!" oihua bota eta txupina jaurti du. Udaletxe plazan zoramena nagusitu da, kolore zuri-gorria gailendu da denean. Horrelaxe abiatu dira 2016ko sanferminak. Orain, bederatzi festa egun dituzte gozagai.

Txupinazorako minutu gutxi falta zirenean, lepo zegoen Udaletxe Plaza, eta berez, tenperatura aldetik, beroa bazen giroa, gori-gori jarri da eguneko protagonista balkoira hurbildu denean.

Entzierroak hasi baino lehen kantatzen den abestiaren bultzatzaileak, hunkituta, esaldi ezaguna bota eta txupinazoaren metxa piztu du. Ondoan zituen emaztea eta Udaleko ordezkari nagusiak, Joseba Asiron alkatea tartean. Plazan, uholde zuri-gorri batek "gora" eta "viva" oihuekin erantzun dio, zapi gorriak eskuan.

Ikurrinik ez

Aurten ez da ikurrinik izan Udaletxeko balkoian, 2015eko sanferminetan bandera ipinita Udalak "legeari iruzur" egin ziola ebatzi baitu berriki Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazio-auzietarako Aretoak.

Horren ordez, baina, bosgarren masta bat jarri dute udal gobernua osatzen duten taldeek adostuta, eta hutsik egon da txupinazoak iraun duen artean. Hiriko "aniztasuna eta aberastasuna" goraipatu nahi izan du modu honetan Iruñeko Udalak.

San Ferminak udaletxeko mastila hutsik eitb

"Zoriontasuna"

Jesus Ilundain 85 urte dituen iruindarra herri bozketa bidez aukeratu dute aurten txupina botatzeko. Metxari su ematean sentitu duenari buruz galdetu diotenean, hitz batean laburbildu du sanferminzaleak: "zoriontasuna". Segidan "poztasuna" opa dio jende guztiari, "hemen egoterik izan ez duten eta sufritzen egongo diren" horiek gogoan hartu eta gero.

Ilundainek berezi egin du aurtengo txupinazoa. Gazteleraz "pamplonesas, pamploneses" esan du, emakumeak lehenengo aipatuta (berez, "pamploneses, pamplonesas" esan ohi izan dute). Gerora argitu duenez, emakumezkoak eduki nahi izan ditu gogoan, batez ere "sexu erasoak jasaten dituztenak".

"Ni horren kontrakoa naiz, behar duten horretan laguntzeko prest nago", erantsi du. Nabarmendu duenez, emakumeak peñetako kide izatearen eta txarangetan parte hartzearen alde egon da beti. Haren ustean, sanferminak aurten "hoberako aldatu dira".

txupinazo-2016-sanfermin_

Ilundainek esan duenez, ez du esku dardararik izan metxa piztean. EiTB

"Lasaitasuna eta berdintasuna" eskatu ditu Asironek

Joseba Asiron Iruñeko alkateak "lasaitasuna, poztasuna, berdintasuna eta errespetua" opa ditu aurtengo sanferminetarako. Festa hasteko "irrikaz" zegoela aitortu die kazetariei, jaiek alkate batentzat suposatzen duten "lana handia" dela aitortu badu ere.

Aurtengo jaietan udal gobernuak egin dituen aldaketez galdetuta, "estilo kontua" dela nabarmendu du EH Bilduko buruzagiak. Haren hitzetan, "festaren % 90 makinariak emanda dator", eta, horrenbestez, programazioaren zatirik handiena aldatu gabe utzi dute. "Parte hartzea"ri emandako garrantzia azpimarratu du Asironek, eta "estilo aldaketa hori agerian geratzea" espero duela esan du.

Udaletxeko balkoiko bosgarren masta hutsik uztearen erabakia ere ahotan hartu du Asironek: "Bakoitzak modu ezberdinean biziko du. Ikurrina gabe, nire ustez, ez zeuden sentsibilitate guztiak ordezkatuta, eta haga horrekin Iruñean dagoen aberastasuna eta aniztasuna aldarrikatu nahi izan dugu".

Sanferminzaleek 204 jai-ordu dituzte aurretik. Denetik eta denontzat izango da Udalak antolatutako 410 ekitaldietan. Ikusi 2016ko sanferminetako egitaraua, egunez egun.

Iruzkinak